Bestalde, asteartean, Leioako 250 ikasle inguruk parte hartu zuten aldaketa klimatikoaren gaineko jardunaldian, Kultur Leioan. Tokiko iturriek zehaztutakoaren arabera, ekimena aspalditik egiten da, baina nobedade gisa, foroan ikasleen ordezkari biren iritzia entzuteko aukera egon da aurten: Artatza-Romo institutuko Erlantz Iglesias eta Askartzako Uxoa Mediavillak Daniel Herrera eta Jesus Bilbao Hezkuntza eta Hirigintza zinegotziekin, eta Nacho Gomez-Oraa Gestores Europeos aholkularitza bulegoko adituarekin mintzatzeko aukera izan zuten.
Udal diagnostikoa
Baina ekintza horretaz gain, Agenda 21 egitasmoaren barruan beste hainbat ekimen jorratuko dituzte, "ikasleek jasangarritasuna ulertu eta bere garrantziaz jabetzeko". Besteak beste, apirilera bitartean, Lamiako, Barandiaran eta Artatza-Romo institutu eta Nuestra Señora de las Mercedes zein Askartza ikastetxeetako 600 bat gaztek udak diagnostikoa osatuko dute. Hori egiteko ikasleek hainbat udal eraikin (udaletxea, kiroldegiak, Kultur Leioa, Mendilibe jauregia edota nagusien etxeak) bisitatu beharko dituzte, eta hortik jasotako informazioarekin txosten bat egin beharko dute hainbat faktore kontutan hartuta: energi eta ur kontsumoa, mugikortasun jasangarria eta hondakin kudeaketa, besteak beste. Prozesu horren ostean gazteek azken idatzi bat osatuko dute non euren irtziak plazaratuko dituzten; baita aldatu beharreko gauzak aipatu ere.
Elkar Hasi
Solasgune hezitzaile taldearekin batera baita, Elkar Hazi proiektua lantzen hasi da Leioako Udala. Tokiko 8 eta 12 urte bitarteko eskola-umeei zuzendura, dagoeneko San Bartolome, Txomin Aresti-Mendilibe, Lamiako, Artatza herri ikastetxeek eta Altzaga ikastolak bat egin dute ekimenarekin. Horren arabera, Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako zinegotziek haurren gaineko gaiak jorratuko dituzte batzorde informatiboetan eta dena bideoz grabatua izango da. Grabaketa hori ikasgeletara eramango dute, bertan ikasleek eztabaidan ari eta euren iritzia plazaratzeko. Bideo batean grabatu ostean, politikariei bueltatuko zaie. Elkar Hazi proiektuaren helburu nagusia "helduek eta haurrek elkarrekin haztea da, eta haurrek herritarrak direla sentitzea, herriaren eraikuntzan garrantzitsuak direlako", adierazi dute udal iturriek. Proiektua hilabete honetan edota martxoan hasi eta, ikasturtearekin batera, ekainean amaitzeko asmoa du Solasgunek.