
Leioako Udal Gizartekintza Sailak erabaki berri duenez, 2007an astean ordu bi eta erdian zabalik zegoen bitartean, aurten bederatzi ordu eta erdiz eskainiko du arreta udal aholkularitza psikologiko zerbitzuak. Gauzak horrela, ordutegi berria hurrengokoa izango da: astelehenetan 9:00etatik 13:30era, eta asteartetan 9:00etatik 14:00etara. Besteak beste, azken Berdintasun Planak islatutako datuak kontutan izan dituzte udal arduradunek zerbitzua areagotzeko. Horien arabera, gero eta lagun gehiagok eskatzen dute aholkularitza psikologikoa, Isabel Garcia Gizartekintza zinegotziaren arabera. Aholkularitza psikologikoko udal zerbitzuaren iazko txostenak ere argia ikusi du jada: datuen arabera, 2007an 20 izan ziren landutako kasuak, horietatik zortzi 2006an eta gainontzeko 12ak iaz zabaldutakoak. Guztira, 102 aholkularitza saio egin ziren.