Harea poltsikoetan (eremulauak.com-en agurra)
Beste hark idatzita utzi zuen moduan, zimeltzea baino hobe da sutan kiskaltzea. Hiru urte baino gehiago joan dira eremulauak.com sortu genuenetik. Ez da denbora asko; izugarrizko denbora pila da. Erlojua apurtzea erabaki dugu, harea bukatu baino lehen. Agur esateko ordua da.
2004ko bukaeran idazten hasi ginenetik bizi egin gara, iritziak eman, jaso, informatu, gezurrak esan, gaizkiulertu, haserretu. Baina batez ere, barre egin dugu. Eremuari ertzak lautzen pasa dugun denborak lagun asko eman dizkigu, oroitzapen zaporetsuak.
Eta zuri, irakurle, asko zor dizugu. Ehunka, milaka, milioika (hara, hiperbole bat) hurbildu dira eremu lauetara. Hasieran pentsatutakoaren kontrara, erredaktoreekin affaire bat izateko asmoz baino, irakurketa interesgarriren baten bila hurbildu zarete. Gu kulturaren inguruko gure ikuspuntua ematen saiatu gara; heterodoxoa batzuetan, bizarroa bestetan; freskoa, ahal izan den guztietan.
Malko bat dugu begian eta esku bat zuei luzatzeko. Apirilaren 4ean denbora honetan gurekin egon zaretenokin bildu nahi dugu Bilboko Kafe Antzokian, eremua elkarrekin azken aldiz zeharkatzeko. Ediziogunean bidaide izan ditugun Akatu eta Nun taldeek jarriko dute musika, baita bereziki gonbidatu dugun Standstill taldeak ere.
Hau izan da dena lagunok. Sartu azken hondarrak poltsikoetan eta alde hemendik. Ez duzue dunarik aurkituko bidean.
Eremulauak.com webguneko koordinatzaileak