Larunbat honetan ospatuko dituzte inauteriak Plentzian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 5a, 19:09
Larunbat honetan, otsailak 9, kolorez eta irribarrez beteko dira Plentziako kaleak, inauteriak ospatzeko asmoz. Txikiek zein nagusiek euren mozorrorik dotoreenak janzteko aukera edukiko dute egun osoan zehar. Horrenbestez, diskoteka izango dute 17:00etatik aurrera, Jai Alai pilotalekuan, neska-mutilek. Ordu bete beranduago, berriz, pailazo ikuskizuna eskainiko zaie. Eta amaitzeko, txokolatearekin sabelak berotu eta dantzan jarraitu ahal izango dute umeek. Nagusientzako egitarauari dagokionez, goizaldeko ordu batetan hasiko da mozorro lehiaketa. Hori bai, lehenago izena eman beharko dute taldeka zein banaka edo bikoteka parte hartu nahi dutenek. Horretarako 605 705 182 telefono zenbakira deitu edo Casino, Izarraitz, La Canal, Santis, Socaire eta Txarli tabernetako batera joatea besterik ez daukate.
Hain zuzen ere, aipatu establezimenduetatik igarota jasoko dituzte puntuak mozorro lehiaketan parte hartzen duten norbanako edo bikote zein taldeek. Sariei dagokienez, 200, 100 edo 50 euro irabazteko aukera edukiko dute norbanako edo bikote onenek. Taldeen artean, berriz, 300, 200 eta 100 euro banatuko dituzte, hurrenez hurren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun