
Miren Dobaran Berangoko alkate ohia Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia izango da hemendik aurrera, gaur
EAEko Euskara Sustatzeko zuzendaritzatik kendu ostean. Izendapena gaurko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean ageri da, Aldundiko Gobernu Kontseiluan hartutako erabakiaren berri emanez. Dobaranek Josune Ariztondo Akarregi Kulturako foru diputatuaren eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusi getxoztarren aginduetara egongo da, orain arte Gotzon Loberak betetzen zituen lanetan jarduteko. Loberak Administrazioa utziko du EAJko Bizkaia Buru Batzarreko kide gisa jarduteko. Foru Aldunditik azpimarratu dute 38 urteko berangoztarrak curriculum "luzea" duela, Eusko Jaurlaritzan izandako arduraz gain, lau urtez Berangoko alkatea eta Eudeleko euskara arloko arduraduna izan delako. Horretaz gain, Euskal Filologian lizentziaduna eta euskara teknikaria da eta Aldundiko iturrien arabera, "hizkuntza-politiken tekniketan duen esperientzia zabala nabarmendu behar da". Argazkian, Miren Dobaran Juan Olea Urdulizko alkate eta
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko lehendakaria lagun duela.