Bestalde, Espainiako Industria Ministerioari udalerriko auzokidek egindako galderak eta eskaerak igortzea ere adostu zen lan taldearen bileran; baita ahalik eta neurtzeko igorle gehien eskatzea ere, igorpenen etengabeko neurketa eduki ahal izateko, tokiko agintarien arabera. Datorren batzarra martxoaren erdialdean izango da, “telefonia mugikorreko antenak jartzeko, hirigintza kokapen egokienak erabakitzeko zein motatako ikerketa egin beharko litzatekeen adosteko”, azaldu du Arregik. Une honetan 44 antena dago udalerriko gune desberdinetan eta litekeena da datozen hilabeteotan kopuru hori areagotzea, esparru honetan etengabe sortzen ari diren beharrek bultzatuta. Horrela adierazi dute behintzat udal iturriek.
Zerbitzu publikoa
Horretaz gain, epe ertainera edukiko dituzten beharren aurreikuspenak argitzeko konpromisoa hartu dute operadoreek, kokapen egokiak zehaztu ahal izateko. Hirigintza zinegotziak argitu duenez, telefonia enpresek "Industria Ministerioak emandako baimena aurkezten badute, antena jartzen utzi beharko du Udalak, zerbitzu publikoa delako”. Ildo horretan, Arregik esan du, informazio guztia auzokideei ematen "segituko" dutela. "Auzokideak lasaitzeko helburuarekin", Industria Ministerioak informazio kanpaina egitea ere egoki ikusten du, "antenak zer diren eta zer igortzen duten azaltzeko”, gaineratu duenez. Udalaren iritziz, Areetako Xake plaza eta Algortan dauden Uribe Kostako Eguneko Zentroa edo Osasun Zentroa toki egokiak izan daitezke erradiazio neurtzaileak jartzeko.