Zuzeneko diru-laguntza jasoko dute familia ugari getxoztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 6a, 22:46
Getxoko Udal Gobernu Taldeak aste honetan onartu du udalerriko familia ugariei 80.000 euro ematea diru-laguntzen bidez, gaur goizean Imanol Landa alkateak aurreratu duenez. "Diru kopuru hori egun udal tasa eta zergetan aurreikusitako 36.000 euroko hobariei gehitzen zaie. Modu honetan, guztira, 2008an 116.000 eurorekin sustatuko ditu familia ugariak Getxoko Udalak", gaineratu duenez. Tokiko arduradunanen hitzetan, Getxo da Euskal Autonomia Erkidegoan ezaugarri horietako zuzeneko diru-laguntzak indarrean ipiniko dituen lehenengo udalerria. Landak esan duenez, "joan den urrian hartutako konpromisoarekin dago lotuta erabakia, hau da, udalerriko familia ugariak sustatzeko erabakiarekin eta horretarako Hirukide, Kide Ugariko Familien Elkarteetako Euskadiko Federazioarekin egin dugu lan". Argazkian, udaletxea.
Onartutako arauaren arabera, diru-laguntza emango zaio familia ugari bakoitzari eta, zenbat eman, bi baldintzen arabera erabakiko dute: batetik, 2007ko abenduaren 31ean onartuta zegoen kategoria maila –orokorra edo berezia–; bestetik, familia hori erroldatuta dagoen etxearen katastroaren balioa, aztertuko dute. Getxoko familia ugarientzat aurreikusita dauden diru-laguntza zuzenak otsailaren 15etik apirilaren 15era arte eskatu ahal izango dira udalerriko edozein herritarren arretarako bulegoan, hau da, Getxon (Benturillena kalea), Algortan (Juan Bautista Zabala kalea) edo Itzubaltzeta / Romon (Aurrezki Kutxa kalea). Halaber, Getxoko Udalak gogoratu du bertoko familia ugariek beste hobari batzuk ere badituztela eskuragai, besteak beste, Getxo Kirolak erakundean, Andres Isasi musika eskolan, Areetako ludotekan, udal euskaltegian eta Kultur Etxeak antolatzen dituen tailerretan. Ondasun Higiezinen gaineko Zergan ere hobariak dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun