Bizkaian 22 zerrenda aurkeztu dira Espainiako hauteskundeetan lehiatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 7a, 20:45

Datorren martxoaren 9ko Espainiako hauteskundeetan lehiatzeko asmoz, 22 alderdi politiko aurkeztu dira uribekostar eta beste bizkaitarren botoak lortuko dituztelakoan. Haietatik bost Espainiako muturreko eskumako alderdiak dira (Alternativa Española, FE de las JONS, Partido Familia y Vida, Alianza Nacional eta Democracia Nacional); beste launa Espainiazale amorratuak (PSE-EE, PP, UPD eta Ciudadanos), federalistak (Ezker Batua, Euskalerriko karlista Alderdia, POSI eta PCPE-EK), eta abertzaleak (ilegalizatua izatearen mehatxupean dagoen Eusko Abertzale Ekintza, EAJ, Aralar eta EA) dira. Azkenik, arazo sektorialei erantzuna eman nahi dieten alderdiak (Berdeak, PACMA, eta PUM+J) eta sailkaezinak (Alderdi Humanista eta Alternativa Motor y Deporte) daude. Espainiako Kongresu eta Senaturako Bizkaiko zerrendak hemendik jaitsi daitezke (pdf). Uribe Kostako politikari asko agertzen da bertan.

Zerrendakideei dagokienez, eskualdeko hainbat politikari ezagun topa daitezke. Besteak beste, Kongresurako bidean Marisa Arrue jarri du berriro PPk eta Javier Ruiz Erandioko zinegotzia eta Carlos Iturgaiz eurolegebiltzarkidea ditu zerrendakide. PSE-EEk Arantza Mendizabal diputatua aurkeztuko du berriz aukeratua izateko eta baliteke Imanol Zubero EHUko irakaslea senatari ateratzea Pablo Iglesiasek sortutako alderditik.

EAJn, berriz, Margarita Uria aurkeztuko dute senatari izateko eta bere ordezko gisa Mikel Arieta-Araunabeña Erandioko alkatea jarri dute. Era berean, UPDko zerrendaburua izango da Fernando Maura aspaldiko Getxoko PPren kidea. Aldiz, Ezker Batuak Ruben Belandia Leioako zinegotzi ohia sartu du eta Aralarrek Fernando Hevia Bizkaiko koordinatzailea.

Dena den sopeloztarrek izango dute ezagun gehien zerrendetan, Ziortza Ruiz, Leire Pinedo eta Juan Ignacio Del Vigo zinegotziak aurkeztu baitituzte EAEk, EAk eta Berdeek, hurrenez hurren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun