Liburuxkak koaderno-itxura dauka, kiribilduna da, batez ere lanerako tresna izateko asmoarekin jaio baita, atezainen laneko mahaiaren gainean zabalik edukitzeko. Kapitulu bakoitzaren amaieran orrialde zuri bat ere badauka, norberak oharrak idazteko. Liburuaren edukiak zehazteko, atezainen lan jarduerak aztertu ziren, eta batez ere praktikoa izan nahi duenez, egoera eta adibide gehienak errealak dira, atezainek beraiek proposatuak edo jarriak.
Bost atal
Horrela, liburuak bost atal nagusi dauzka. Lehenengoak "Euskaraz hitz egin" du izena. Atezainek jarduera gehienak ahoz egiten dituzte eta, batez ere, bi nabarmentzen dira horietan: harrera egin eta argibideak eman. Horien inguruan hainbat aholku ematen dira atal horretan.
Bigarrenean, "Euskaraz idatzi" izenekoan, atezainek idatzi behar dutenean -gehienetan testu laburrak izaten dira, baina batzuetan eragin handikoak ere bai, jendearen aurrean jartzen baitira irakurtzeko- argibideak ematen dira.
Gero "Hiztegia" dator, atezainek maiz erabiltzen dituzten hitzekin. Ondoren, "Prozesuak" atalean, atezainen eginkizunak (eskolako ateak nola ireki edo itxi, berokuntza-sistema nola jarri abian eta abar) idazteko aholkuak daude laburbilduta. Azkenik, "Material lagungarrian" gehiago sakontzeko lagungarriak izan daitezkeen hainbat baliabideren berri ematen da: liburuak, Internet bidezkoak, hiztegia eta kontsulta-guneak.
Etorkizunera begira, Euskara Errektoreordetzak ildo horretatik jarraitzeko asmoa dauka, erabilera bultzatzen. Horrela adierazi du onartu berri den Euskararen Plan Gidarian, 2008tik 2012ra burutuko den planean hain zuzen ere. Horren arabera, erabilera-planak jarriko dira abian hainbat ikastegitan, eta erabilera-talde batzuk ere jardungo dute lanean; adibidez, 2008an, idazkaritzetako langileak arituko dira.