"Gutxienez zaintzaile bat geltoki bakoitzeko". Horixe da Metro Bilbaoko enpresa batzordeak eskatzen duena, Rafa Valencia ELAko ordezkariak atzo prentsan egindako adierazpenen arabera. Finean, enpresa pribatuetako segurtasun zaindari kopurua areagotzea eskatzen du berak: "hiru geltokiko bakarra egoten da; geraleku bakoitzean bat egotea litzateke egokiena", gaineratu zuenez. Zaindariak egon ala ez, Zazpi Kaleetako erasoa egunez gertatu zela nabarmendu zuen Valenciak. Areetakoari dagokionez, "zaindariak egon bazeuden, baina geltokiko beste puntan", ELAko ordezkariak aitortutakoaren arabera. Bere ustez, "zaintzaile gehiago jartzea ez da irtenbidea, baina langileei segurtasun sentsazioa emango die". Bitartean, LABek zalantzagarritzat jo zituen hasiera batean Zazpi Kaleetako istiluen gainean zabaldutako hainbat bertsio, langilearekin hitz egin bitartean behintzat. Alabaina, egun berean horrelako gertaeren aurka argi eta garbi agertzearekin batera; gainontzeko sindikatuak bezala, asteleheneko elkarretaratzean parte hartzera deitu du.
"Legearen pisu osoa"
Metro Bilbaok atzo jarri zuen Areetako ustezko erasotzailearen kontrako salaketa. Rafael Sarria garraio enpresako zuzendariak emandako bertsioaren arabera, "larunbat goizeko 7etan aldera, erasotzailea txakurraz lagunduta eta makila eskuan agertu zen metro geltokian eta langilea kolpatu zuen, horri bi hortz eta ezpaina hautsiz". "Langileak dira lehenengo" esatearekin batera, gazte horrek "legearen pisu osoa" jasan beharko duela adierazi zuen, gogorki. Sarriaren hitzetan, "egiten duenak ordaindu egiten du".
"Segurtasun ereduaren porrota"
Sare Antifaxistak ere eman du metroan gertatutako azken istiluen gaineko iritzia. Baina, sindikatuen deialdia kritikatu gabe, gertatutakoa metroan dagoen "segurtasun ereduaren porrotaren adierazle" iruditzen zaizkio gertaerak. Antifaxisten ustez, "orain arte emandako pausu guztiak aurrera ihes egite hutsak baino ez dira izan, garraiobide berri honen arazoei aurre egin beharrean. Guzti honen onuradun bakarrak 'inseguritate pribatuko' enpresak dira: ederki irabazteaz gain, askotan eurak izan dira istiluen eragileak".