Getxoko Udaltzaingoak Ertzaintzaren esku utzi du, gaur goizean, J.A.L.C. 19 urteko gazte leioaztarra, joan den asteburuan metroko langile bat erasotu izana egotzita.
Metro Bilbao garraio enpresak zabaldutako bertsioaren arabera, larunbat goizeko 7:30ak aldera, "pijamaz jantzita agertu zen Areetako geltokian mutila, makila handi bat eskuan eta Bull Terrier txakurra ondoan baina aske eta muturrekorik gabe zuela". "Beharginari bi hortz eta ezpaina hautsi zizkion", Rafael Sarria konpainiako zuzendariaren hitzetan. Tokiko poliziek istiluen grabazioak ikusi ahal izan zituzten, balizko erasotzailea identifikatu eta atxilotzeko asmoz. Gauzak horrela, Sarriak berak zein Imanol Landa alkate getxoztarrak, atzematea, "Metro Bilbaok, Getxoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hitzartutako lankidetza protokoloari esker" izan dela azpimarratu dute.