Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak
Eusko Abertzale Ekintza eta EHAK alderdien aurkako epaiaren kontra azaldu dira gaur iluntzean 150 bat auzokide Algortako karriketetan barrena. "PSOE-PNV errudunak. Independentzia aurrera" lelopean, EAEk Telletxen duen bulegoaren aurretik irten eta Euskal Herriaren aurkako errepresioa eta erasoak salatu eta independentziarako bidean jarraitzeko deia egin dute manifestatzaileek. Martxan zehar EAEren aldeko eta EAJren aurkako oihuak izan dira. Protestan, besteak beste, algortarra den Juan Carlos Gonzalez Eusko Abertzale Ekintzaren idazkari nagusiak hartu du parte, baina ez du deklaraziorik egin nahi izan: "ezin dut, egonean utzi naute" esan du irribarretsu. Itzubaltzeta / Romon, berriz, 80 bat lagunek egin dute manifestazioa Areetaraino eta Ertzaintza izan dute atzetik. Leioan, ordea, 110 lagunek manifestazioa egin ostean bidea itxi dute. Sopelan eta Plentzian ere mobilizazioak izan dira. Bestalde, bihar, larunbata, Algortako Telletxe kalean, 13:00etan, eta Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazan, 20:00etan, jarri dituzte hitzordu berriak eta igandean Bilboko Aita Donostia plazan
hautetsi independentistek deitutako nazio manifestaziora joatera deitu dute. Argazkian, Algortako manifestazioa behe-lainotik irteten.