Ezker abertzaleak zabaldutako oharra:
Gorka Lupiañez, Igor eta Mattinen atxiloketan indar errepresiboek "desagerketa" erabili dute, gero inkomunikazioa, tortura eta espetxean ere inkomunikazioa luzatzea. Horrekin batera atxiloketak ugaritu eta razzia osoak ezagutu ditugu (Donostia, Getxo, Lea-Artibai, Tutera eta abarreko gazteak), Mahai Nazionala, 18/98 eta abar luze bat, eta ondoren sumario guztiak, espetxe politikoaren gogorketa...
Atzo ere, EHAK eta EAE-ANVren suspentsioa eman da.
Berriro ere eskubide politikoen zanpaketa burutzeko aitzakia izango dute. Dena gezurra, dena muntaia. PNVk, EAk, Aralarrek, NaBaik eta IUk, nahiz eta egun batez kritika txiki bat egin, PSOEri sostengu eta babesa emango diote, Alderdien Legea ekintzen bitartez ontzat ematen.
Negoziazioetan proiektu politiko guztiak aukera berdinekin garatzeko akordioari ezetz esan eta gero, PSOE eta PNV iruzur berri bat abian jartzen ari dira. Ahalik eta erosoen egiteko, ezker abertzale ahul bat behar dute. Hori dela eta errepresioari gogor ekin diote.
Baina, sakonean dagoena oso larria da. Herri honi atea itxi nahi diote independentzia era demokratikoan garatu ahal izateko. Alderdi hauek paktu autonomiko bat sinatzeko prest daude, nahiz eta horrek proiektu independentista betiko galaraztea suposatu.
Independentzia berba bat baino askoz gehiago da. Gure herria antolatzeko gaitasuna da. Gure ekonomiaren oinarriak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko tresna da. Ejerzitorik ez dugula behar erabakitzeko estatusa da. Gure kultura, hezkuntza, hizkuntza eta kanpo harremanak erabakitzeko beharrezkoa den baldintza da.
Independentziaren proiektu politikoa gauzatu ahal izan dadin beharrezko bermeak lortzea ezinbesteko helburu politiko eta demokratikoa izan behar da guztiontzat. Onarpen horrekin ez dugu soilik gaur egungo gatazka armatua gaindituko, baizik eta etorkizunean Euskal Herriak iraun dezan ezinbesteko premia da.
Beraz, ezinbestekoa dugu erantzutea, tamainako erantzunaren arabera izango dugu iruzur horri baldintzatzeko gaitasuna. Horregatik funtsezkoa da bihar eguerdiko 12:00etan Bilbon, Aita Donostiatik burutuko den manifestaziora joatea, eta hurrengo egunotan herrietan emango diren mobilizazioak babestea!
Eutsi! Dena dugu irabazteko!
Gora ezker independentista!