Botere gune handietatik txikiagoetara etorriz, Bizkaiko hiribildurik zaharreneko ikasgu batean bada artaburu mota bereziez osatutako zelai esparru txiki bat, itxuraz oparoa. Ale hauek bulegariak, bankariak, likore saltzaileak, argiketariak, garbitzaileak, ertzainak….. dira, gure landaredian aurkitzen ditugun ogibide xumeak dituztenak. Edozelan ere nor bere xumetasunean zoriontsu bizi liteke, baldin eta halako batean gizakiak irudia handikeriaz eta harrokeriaz edertu nahi ez balu. Euren zelaia eurena dela argi utzirik, ezer gutxi dakiten arlo baten kudeatzaile adituak balira bezala agertzen dira guztion aurrean. Ba omen dakite zer irakatsi eta nola irakatsi behar den, baina kontuan erori gabe zein eredu eskasa diren zelai txiki hori osatzen dugun gainontzeko landare eta fruituentzat, bereziki hazteko adinean dauden horientzat.
Zelai txiki bat bada, beraz, hiri ezagun batean, zelai txiki bat aniztasuna eta oparotasunaren eredu garbia izan zitekeena. Alabaina gure artaburu horiek bere artaburutasunean (edo artaburukerietan hobe esanda) denok artaburu nahi gaituzte, munduko landareetako kolore aniztasunak kalte egingo dielakoan. Euren kolore horia nabarmen agertuz besteok nabarmen deskoloratu nahi gaituzte, eta horretarako eraso sistematikora jotzen dute, fruitu ale handiak eta txikiak eraso horren partaide edo biktima eginik. Era horretan euren horitasuna baino ez da nabarmenduko, eta egia da, ale ikusgarriak sostengatzen dituen landare luzanga horiek gero eta altuagoak izango dira eta gero eta leku gehiagotatik ikusiko dira. Baina arto landareei gertatzen zaien bezala, zenbat eta altuago izan orduan eta abailduago agertzen dira, eta gora joan nahi horretan azkenean goiko muturrak pisuari ezin eutsiz lurra jotzen du, eta oparotasun berde hori galduz bertan betiko usteltzen dira.
Diodana ez da igarpen hutsa, nik aspaldi sumatu baitut hezetasun ustelaren usaina. Eta egun batean artaburuak sasoian bilduta, gainontzeko fruitu koitxaduok artajorra saio gozo aberatsa egingo dugu, aitzineko ohitura zaharrei jarraituz ipuin, kantu eta bertso oparo eta anitzez lagundurik. Zenbaitzuk zelai oparo horren itxaropena gogoan bizi gara, denontzat eta denona litzatekeen zelaiaren itxaropenean, artaburuentzat eta artaburuena barne.