Ezker abertzaleak "salbuespen egoeraren" aurkako greba orokorra deitu du ostegun honetarako, hilak 14. Mikel Etxaburu eta Karmele Aierbe ordezkariek gaur arratsaldean Bilbon zabaldu dutenez, "Euskal Herriak Estatu espainiarraren eskutik pairatzen dituen erasoen aurka" zein "alderdi erregionalistek" ematen dieten "oniritziaren" kontra agertzea du helburu. Besteak beste, Batasuneko buruzagien atxiloketak, 18/98 auzia, torturak, EAE eta EHAKren jardueren etena eta gaurko manifestazioaren debekua eraso garrantzitsutzat jo dituzte eta horien atzean ezker abertzaleak botatako Marko Demokratikorako Proposamena "isildu" nahi izatea baino ez dago. Ezker abertzaleko eledunen iritziz, ofentsiba berri hau Loiolako elkarrizketetan abiatu zen eta bertan EAJk eta PSOEk "independentziari ateak ireki nahi izan ez zizkiotela" azpimarratu dute: "iruzur berri bat prestatzen ari dira". Argazkian, Autonomia kalea gaur goizean.