Ertzaintzak 15 urteko mutiko bat atxilotu zuen pasa den larunbatean beste adingabe bati eraso egin ziola egotzita. Herrizaingo Sailak zabaldutako informazioaren arabera, "antza denez, kate batekin egin zion erasoa eta zauriak sortu zizkion begi batean". Zauritutako mutikoa ospitalera eraman behar izan zuten anbulantziaz. Bertsio horren arabera, 20:25ak aldera Ertzaintzari jakinarazi zioten gazte bati erasoa egin ziotela eta zaurituta zegoela, Algortako Arrigunaga hondartzan. Patruila batek egiaztatu zuen adingabeak hainbat zauri zituela begi batean, eta anbulantziaz Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Poliziek, inguruan ikertzen aritu ostean, adingabe bat atxilotu zuten, erasoaren ustezko egile izatea leporatuta. Zenbait lekukok emandako datuen arabera, erasotzaileak kate batekin jo zion biktimari aurpegian borrokan ari zirela. Atzemandako laguna Adingabeen Fiskaltzaren aurrean agertu beharko da laster.