Fernando Castaño Almendral irakaslea eta Fernando Castaño Sanchez izan dira doktore-tesi horren zuzendariak. Lan horrek bikain "cum laude" kalifikazioa lortu du. Ikerlariak zenbait egonaldi egin ditu atzerriko unibertsitateetan, doktore-tesiari zegozkion ikerketak bideratzeko: Alemaniako Max Planck Institute of Microstructure Physics laborategian eta Ingalaterrako Cambridge Unibertsitateko Cavendish laborategian.
Sonia Moralejo Garcia Kimika Zientzietan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, bere ikerketa-lerroarekin buru-belarri jarraitzen du EHUko Kimika Fisikoa sailean.
Datuen metaketa
Nanoteknologiaren adarreko lan honek jakintza-alor anitzeko bi atal konbinatu ditu, teknologikoa eta zientifikoa, hain zuzen ere. Teknologiaren atalean, zenbait nanoiman eta gailu magnetiko ekoitzi ditu. Horretarako, zenbait teknika garatu edota abiarazi ditu, eta horien laguntzarekin industrian hainbat aplikazio dituzten laginak lortu ditu. “Material bat baino gehiago aldi berean, eta ez banaka, hazteko sistema bat garatu dugu, besteak beste” dio ikertzaileak. Doktore-tesi honetan, bi material-mota erabili dira, nikel eta urdina (Ni-Fe) eta kobalto eta burdinazko (Co-Fe) aleazioak.
Lagin horien geruza jarraituek nahiz dimentsio txikiagoko laginek (hariak, zirkuluak, elipseak) duten portaera magnetikoa ikertu dute haien formak eta distantziak aldatuz. Izan ere, materialek portaera ezberdina dute, eta bakoitzaren portaera ezagutzea garrantzitsua da oso, aplikazio ezberdinetarako direla kontuan izanik.
Portaera magnetikoa histeresiaren bidez ikertzen da. Eremu magnetikoa aldatuz, ordenagailuetako disko gogorren imanetan informazioa metatzen da: eremu magnetikoak magnetizazioa induzitzen du nanoimanean, eta hori 0 edo 1 bezala kodifikatzen da; kodifikazio horrek iraun egiten du eremua ezabatuta ere, eta, gainera, gero irakur daiteke. Eremua kontrako noranzkoan aplikatuz gero, alderantzikatu egin daiteke.
Arestian aipatu den bezala, nanoiman eta gailu magnetiko horiek disko gogorretan eta abarretan informazioa metatzeko eta tratatzeko erabiltzen dira, gehienbat.
Iman eta gailu horiek eskala txikian prestatu izanari esker, aukera izango dugu nanomagnetismoaren alorrean gaur egun dauden zenbait arazo konpontzeko.
Doktore-tesi honen hasiera zailtasun ugariz betea izan zen, EHUko Kimika Fisikoaren Sailarentzat ikerketa-lerro berri bat baitzen. Dena den, aurrerantzean teknika berriak diseinatzeko eta ezartzeko eta material gehiagorekin probak egiten jarraitzeko asmoa dute.