Leioako Udalak Construcciones Cantabricas elkarte anonimoari eman dizkio auzo ezberdinetan egingo diren hainbat berrikuntza lan. Batetik, 248.000 euroko aurrekontua izango du enpresak Txorierrin euri-bilketa sarea jartzeko. Bestalde, Pinosoloko eraberritze obren bigarren faseari helduz, 212.000 euro jasoko ditu bidegorriaren jarraipena eta oinezkoentzako bidea egiteko. Tokiko iturriek jakinarazi dutenez, dagoeneko prest dago Elexalde eta Pinosolo parkeak lotzen dituen zatia. Oraingoan, berriz, Artatza parkeraino luzatuko dute bidegorria. Azken zati hori egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza jasoko du Udalak. Eneko Arruabarrena alkateak adierazitakoaren arabera, "Pinueta Leioako erdigunearekin lotzea da gure helburua, dena oinezkoentzat zein txirrindularientzat pentsatutako bide seguru baten bitartez". Hori aurten amaitzea aurreikusten dute. 2009rako, berriz, Getxo udalerriraino luzatu nahi dute bidegorria. Argazkian, Eneko Arruebarrena Magdalena Alvarez Espainiako Herrilanetarako ministroarekin Kultur Leioaren finantziazioari buruzko akordioa sinatzeko ekitaldian.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!