Aralarren oharra:
Aralarrek Batasuneko 14 kideen atxiloketa ikaragarrikeriatzat jo eta estatuaren “gerrarako jarrera” txarretsi du
Gaur goizaldean Batasunako 14 kideren atxiloketa ikaragarrikeria politikotzat jo du Aralar alderdiak. Azken hilabeteetan, eta bereziki ETAk suetena hautsi zuenetik, estatuak gogor jo du ezker abertzalearen zati baten kontra, Batasuneko hainbat kide atxilotuz, eta EHAK eta EAE-ANVren suspentsioekin, besteren artean. Estatuaren politika egiteko modu zikin honek “gerrarako jarrera” agertzen du, eta herri honetako sentsibilitate politiko bat ezabatu nahia. Beste behin, jarrera hori deitoratu eta salatu beharrean gara, eta atxilotuekiko elkartasuna agertzearekin batera, euren berehalako askatasuna eskatzen dugu.
Gerra jarrera honen aurrean artikulatu beharra dago mugimendu soziopolitiko bat, eta Aralar horretan ahaleginduko da, edozein inposizioren kontra. EAEn erabakitzeko eskubidearen alde agertuko gara, indar metatzea den neurrian. Indar metatzea posible izan da Nafarroan Batasuna gabe eta Iparraldean EAJ gabe, eta beraz, EAEn ere posible posible behar du. Horretarako, EAJk zein Batasunak jarreraz aldatu behar dute. Hauteskunde giro honetan ezinezkoa da, baina hauteskunde ostean ahaleginduko gara.
Euskal Herriko gizartearen gehiengoak behin eta berriz agertu du bere nekea eta kontrako jarrera ilegalizazio eta errepresio dinamika hauekiko, eta giza eskubide guztiekiko errespetua ozen eskatu izan du, tartean eskubide zibil eta politikoak.
Errepresio dinamika honek baketik erabat urruntzen gaitu, eta bakerik nahi ez dutenen tesiak indartu. Errepresioa errepresio gehiagorekin moldatu nahi dutenen jarrera onartezina da demokrazian.
Aspaldiko errepresio mailarik altuena erabiltzena ari da Estatua, herritarren borondatearen kontra, eta oinarrizko eskubide demokratikoak urratuz, lotsarik gabe. Espainiako Gobernuak eta PSOEk, gainera, hauteskundeak irabazteko modu partidistan eta propagandistikoan erabiltzen ari da kriminalizazio bolada hau, guztiz baztergarria eta salagarria, bide batez.
Horregatik guztiagatik, bakea lortzeko oinarriak indartu behar dira, bide politiko hutsen bidez, eta balio demokratikoen aldarria eginez. Horretarako Auzitegi Nazionala eta salbuespeneko legediak behin betirako indargabetzea ezinbestekoa da, bereziki Alderdien Legea.
Aralar