Otsailaren 22ra bitartean, Biladi palestinar kultur zentroak antolatutako argazki erakusketa egongo da ikusgai Leioa eta Erandioko campuseko liburutegi nagusian, 11:00etatik 15:00etara. Errefuxiatu palestinarren egoera bizkaitarrei hurbiltzea da ekimenaren helburua, hau da, Bizkaiko herritarrak sentikor bihurtzea Palestinako errefuxiatuen errealitatearekiko eta egin duten ibilbide historikoarekiko. Bestalde, UNRWA (Nazio Batuen Erakundeak Ekialde Hurbilean Palestinako Errefuxiatuentzako duen Agentzia) duela 57 urte baino gehiagotik errefuxiatu palestinarrekin egiten ari den lana eta etorkizunerako dituen asmoak aurkeztu nahi dituzte. Argazkietan ikus daitekeen bezala, 5 lan-ildo jorratzen ditu UNRWAk: hezkuntza, osasungintza, larrialdiak, garapen ekonomikoa eta babes soziala. Biladi hitzak "nire lurra" esan nahi du arabieraz, okupatutako lurraldeetan eta errefuxiatu-eremuetan banatuta dauden 8 milioi palestinarren lurra alegia. “Egoera penagarria bizi dute herritarrek, deserrotze dramatikoa jasan arren, atsekabez eta itxaropenez etorkizun bidezkoagoa lortzeko borrokan dihardute”, azaldu dute elkarteko kideek. Argazkian, urtarrilean Sopelan jarri zuten erakusketa.