Presoen Aldeko taldeen oharra:
PATek, unibertsitateko amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako ikasleak, datorren ostegunerako, otsailak 14, Greba Orokorrerako deialdiarekin bat egiten du:
Euskal Herriaren eskubideen alde, otsailaren 14an greba orokorra!
Mahai Nazionalaren espetxeratzea, mobilizazioen debekatzeak, gazte independentisten aurkako operazioak, Gorka Lupiañez, Mattin Sarasola edo Igor Portuk jasandako tortura basatiak, 18/98 sumarioaren epaia... eta orain ANV eta EHAK alderdien jardunbidearen etetea.
Egoera jasangaitza bizitzen ari gara; Espainiar Estatuak salbuespen egoera ezarri du Euskal Herrian helburu zehatz batekin: independentziari ateak ixtea. Ezker Abertzalearen urteetako borrokaren bidez, edozein proiektu politikoari, independentzia barne, bideak irekiko dizkion marko demokratiko baten beharra herri honek bizi duen gatazkaren konponbidea dela nabarmen gelditu da, herri eskaera bihurtu delarik.
Gatazkaren konponbidea inoiz baino hurbilago izan dugun momentu honetan, PSOE, indar erregionalisten ezinbesteko laguntzaz, iruzur autonomiko berri bat eraikitzen saiatu da herriaren nahiak diren erabakitze eskubidea eta lurraldetasuna albo batera utziz.
Hori dela-eta, errepresioaren bidez, Ezker Abertzalea isilarazi eta desagerraraztea bilatzen dute. Baina Ezker Abertzaleak, erasoak eraso, Euskal Estatuaren eraikuntzarako baldintzak sortu eta herri honen eskubideen aldeko borrokan segituko du; ez dute mugimendu independentistarekin bukatzerik lortuko, herri honek ez baitio bere etorkizunari muzin egingo.
Euskal Herriak bizi duen errepresio uholdeari, eskubideen ukazioari, salbuespen egoerari "stop!" esateko garaia dugu beraz; baina baita lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen alde, independentziari ateak irekiko dizkion marko demokratiko baten alde kalera atera eta borrokatzeko.
Nahikoa dela esateko ordua da, erasoen aurrean planto egin eta herri moduan dagozkigun eskubideen alde kalera, borrokara ateratzeko ordua da. Horregatik, unibertsitateko ikasle, irakasle eta langileriari eta jendarte osoari dei egiten diogu datorren otsailaren 14rako, osteguna, deitu den Greba Orokorrean era aktiboan parte har dezaten.
Salbuespen egoerari stop!
Presoen Aldeko Taldeak (PAT)