Grebarekin bat eginez ostegunerako mobilizazioak deitu ditu LABek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 11a, 22:53
Euskal Herriko herri gehienetan mobilizazioak deitu ditu LAB sindikatuak ostegun honetarako, eguerdiko 12etan, "salbuespen egoeraren aurkako" grebarekin bat eginez. Gaur arratsaldean Donostian egindako prentsaurrekoan, Rafa Diez, Ainhoa Etxaide, eta Txutxi Ariznabarreta LABeko buruzagiek ihardetsi dute PSOEren Gobernuak legegintzaldi osoan zehar ezker abertzalearen erabili duen "jazarpen eta kriminalizazio prozesu luzea" eta azpimarratu dute ekintza judizial horiek, ezker independentistaren antolakunde ezberdinetan militatzen duten emakume eta gizonen "atxiloketa masiboekin" osatu dituztela, gaurkoan egin duten bezalaxe. Gainera, PSOEk zuzenbide Estatuaren arrastorik utzi ez duela zehaztu dute. Euskal alderdiei, berriz, Atutxa auziagatik kaleratu ziren bitartean orain ezer ez egitea, eta "planto demokratikoa" egitera deitu ditu, aurretik erantzuna ezezkoa izango delakoan egonda ere. Argazkian, Rafa Diez artxiboko irudi batean / Kaosenlared.net.
Bestalde, ukatu egin dute oraingo bidetik Euskal Herria eta Espainiaren arteko gatazkak konponbiderik izatea eta "aldaketa politiko eta sozialarekin, bakearekin eta konponbide demokratikoarekin konprometitutako langile klase dinamikoari" protagonista izatera eta benetako aldaketa eta konponbide politikoaren alde greba eta mobilizazioa bezalako tresna demokratikoen bidez agertzera.

LAB sindikatuaren oharra:

LAB Euskal Herriaren egoera politikoaren aurrean: aski da!

EHAK eta EAE-ANVren ekinbideak bertan behera uzteko erabakiak, bi erakunde hauek legez kanpo uzteko prozeduren zabaltzeari gehituta, legegintzaldi osoan zehar PSOEren gobernuak bultzatu jazarpen eta kriminalizazio prozesu luzea burutu du. Ekintza judizial horiek, ezker independentistaren antolakunde ezberdinetan militatzen duten emakume eta gizonen atxiloketa masiboekin osatu dituzte, gaurkoan egin duten bezalaxe.

LABen aburuz, ez gaude Zuzenbide Estatuaren funtzionamenduaren aurrean, hau, euskal independentismoaren kontrako estrategia politikoetara egokitzearen eta erabiltzearen aurrean baizik. Frogek bost axola dute. Gainera, sozialisten ministro ohi batek esan zuen moduan, "bestela leporatzeak eraikitzen dira eta kitto".

Leporatze guztiak pertsona eta talde politikoen ekinbideekin erlazionatuta daude. Beraz, eskubide zibil eta politikoen urratzea erabateko bidegabekeriaz eta justifikazio, interes eta behar politikoetan oinarrituta dago.

Hau al da PSOEk hauteskunde hauetarako bilatzen zuen "garaikurra"? Hutsaren hurrengo garaipena. Ekintza hauek hauteskundeak irabazteko balio dezakete, PPren eredu eta diskurtsoarekiko lehia eroaren baitan, baina ez bakea, konponbide politikoak eta errealitate demokratikoa hurbiltzeko Euskal Herrira. Hori ongi daki PSOEk eta horrela sentitzen euskal jendarteak. Edo, hurbiltzen al gaitu honek konfrontazioa, biolentziak,... gainditzeko eskenatokietara edo "normalkuntza politikora"?

Erabaki antidemokratikoek markatutako hauteskundeen aurrean gaude, beraz. Euskal Herriaren kontrako politika espainiarrean epe laburreko ikuspegi eskasek eta interes espezifikoek itzelezko garrantzia hartu dute berriz ere, konponbide politikoen aukera urrunduz.

EAJ, Aralar, EA eta abarren aldetik erantzun egoki eta tamainakorik ez duten erabakien aurrean gaude ere; orain dela egun batzuk "Atutxa" auzia delakoaren karira atera ziren kalera eta orain zer? Ez al da gure burujabetzaren kontrako esku sartzea Madrilek erabakitzea zein den legezkoa edo legez kanpokoa gure herrian, herri borondatea bere nahiaren arabera bortxatuz? Gertaera hauek eta beste askok, euskal jendartearen planto demokratikoa behar dute esku sartze iraunkorraren eta Euskal Herriarentzat errealitate demokratiko baten ukazioaren aurrean erantzuteko. Baina, alderdi hauek eta Ibarretxe, topikoetan gelditzen dira, jarrera instituzionalaren eta Ertzantzaren bidez politika horiek bermatzen dituzten bitartean.

Eta, oraindik, egongo dira ilegalizatzaileen eta ilegalizatuen arteko interes komunetaz hitz egingo duten agintari politikoak, putre politikoen gisan.

Baina, sindikatu honentzat, eraso antidemokratiko eta antijuridiko honen atzean lau herrialdeetan indarrean dagoen marko politiko autonomikoaren agorpena dago. Espainiar estatua bi ziklo politikoen arteko trantsizioan gaudenaren kontziente da. Bat bukatua, akitua dago eta bestea, oraindik orain zabaldu ez dena, definitu ez dena eta PSOE eta PP, nor bere estiloan, GELDITU eta BALDINTZATU nahi dutena.
Pultso politiko horretan Espainiar Estatuak ez du ezker abertzalearekin arazoa, edo ETArekin. Arazoa, funtsean, Euskal Herriarekin du. Orain dela 30 urte herri honi zatiketa instituzionala, burujabetzaren ukazioa eta administrazioaren deszentralizazioaren eta autonomiaren eredua ardatz zituen terapia konstituzionala eskaini zitzaion. Gaur, 30 urte geroago, ALDAKETA POLITIKA ekidinezina da, jokoan dagoena bere edukia eta ezaugarritzea delarik. Pultso politiko honetan bi joera bizirik daude:

a) Marko estatutarioen erreforma, bizkar hezur konstituzional berarekin eta izaera nazionala eta erabakitzeko eskubidea ukatuz. "Katalanera" egindako erreforma erabakitzeko eskubidea desitxuratuz eta transferentziak birnegoziatuz. Estatu interesen araberako erreforma eta PNVren zuzendaritzari bere negozio instituzional-ekonomikoa mantentzeko baliagarria izango zaiona.

b) Euskal jendartearen borondatea bideratzeko oinarri demokratiko sendoak ezartzea. Honek, egungo errealitate instituzionaletik, lurraldetasunari ateak zabaltzea eta jendartearen borondatea lurralde guztietan muga eta hipotekarik gabe errespetatzea esan nahi du, independentziaren aukera barne.

Epe luzeko pultso honetan kokatu behar dugu ezker abertzalearen kontrako errepresio basatia, aldaketa eta normalkuntza politikoan funtsezko eragile baten ahalmena baldintzatu nahian.

Honekin guztiarekin LABek, gure autonomiatik baina gure konpromiso politiko eta soziala definitzen duten nortasunarekin, testuinguru honek aurrera urrats berriak eskatzen dituela ulertzen du, aldaketa politiko eta sozialarekin, bakearekin eta konponbide demokratikoarekin konprometitutako langile klase dinamikoaren eta jendarte aktibo eta protagonistaren aldetik.

Horregatik, LABek beharrezkoa ikusten du langileon salaketa greba eta mobilizazioa bezalako tresna demokratikoen bidez erakustea.

Datorren ostegunean neurri antidemokratiko hauei gure arbuioa erakutsi behar diegu jendartean eta enpresetan eta, paraleloki, lurralde guztietako herritarren borondatetik abiatuz, aukera politiko guztiei, baita independentziaren aukerari ere, ateak zabalduko dizkion aldaketa politikoaren aldarria indartu behar dugu.

LABek Euskal Herriko herri guztietan manifestazioak eta kontzentrazioak deitzen ditu ostegun honetan, eguerdiko 12tan, langileak eta jendarteko gion eta emakumeak, orohar, parte har dezaten. Kalera!

Errepresiorik ez!
Egitasmo guztiei aukera demokratikoa!
Independentzia aurrera!

Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun