Alkate getxoztarrak esan du tasen proposamen berria "berandu" helduko dela, "zerga asko, esate baterako Ondasun Higiezinen gainekoa, urtarrilaren lehenengoaz geroztik indarrean daudelako". Gaineratu duenez, “Gobernu Taldeak joan den urrian proposatu zion oposizioari gai honi heltzea; baina ez zuten negoziatu nahi izan”. Tokiko agintariaren hitzetan, "Getxok herritarrek eskatzen eta ontzat hartzen dituzten kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko beharrezko baliabideak baditu, esate baterako, garbiketa zerbitzua, irisgarritasunaren aldeko ekimenak eta kultur eskaintza. Baliabide horiek diru sarrera eta gastuen arteko beharrezko orekaren emaitzak izaten dira eta horregatik gastu korrontea atxikitzeko eta diru sarreak mantentzeko politika jarri behar dela indarrean". Landaren ustez, "horri esker, Udalak ekonomia osasuntsua dauka eta, besteak beste, Getxo Antzokia bezalako eraikin handiak zordundu gabe aurrera eramatea du posible”.
Presio fiskala
Landak dio Getxo udalerrian presio fiskala "arrazoizkoa" dela, "Bizkaikoaren bataz bestekoaren azpikoa, baita popularrek gobernatzen duten Gasteizkoarena eta sozialistek gobernatzen duten Donostiakoarena baino txikiagoa ere". Alkateak Eustaten datuak ere eman ditu hori arrazoitzeko: "Getxoko 2008ko eta gainontzeko udalerrietako 2005eko datuen arabera, auzokide bakoitzeko 374,62 euroko presio fiskala du udalerriak, Bizkaikoa 389,06 eurokoa den bitartean. Bizkaiko 112 udalerrietatik, 59k Getxok baino presio fiskala handiago dute eta 52k txikiagoa. Gasteiz (591,26 euro) eta Donostia (479,27 euro) ere gainetik daude”, azaldu du agintariak.
Zaramen tasa eta beste zerga batzuk
"Aurten Gobernu Taldeak ez du euro bat igo zergatan. Alderantziz, jeitsi egin ditu, ez baitu KPI ezarri eta igerilekuran sartzeko euroa kendu baitu", adierazi du Landak. Zaramaren tasari dagokienez, alkatearen hitzetan, "ez du zerbitzuaren kostua estaltzen; bilketa, planta trinkotzailea, Jata edo Zabalgarbira eramatea, alegia". Jarraitu duenez, “Bilboko auzokideek Getxokoek baino gehiago ordaintzen dute. Getxok guztira 5 milioi euro biltzen ditu. Horrekin, zerbitzuaren %85a ordaintzen du, Europar Batasunak autofinantzazioari buruz gomendatzen duenari jarraituz. Getxo hiri luzea denez, edukiontzi gehiago dituenez, zarama trinkotu behar duenez eta tratatzeko garraiatu behar duenez, gastu zehatz batzuk ditu. 5 milioi eurotatik 3 milioi ta 600 mila euro familiek ordaindu behar dituzte (hilabetean 10 euro, urtean 124 euro). Ezin da ahaztu zaramaren tasa jeitsiko balitz kostua berbera izango litzatekeela, auzokideek ipintzen dutenarekin ere ordaindu beharko litzatekeelako”.
Landak adierazi du, horren aurrean, "PPren eta PSOEren demogogiek" ez dutela balio. Alkateak aipatu du aurreko osoko bilkuretan bi alderdi horiek aurkeztutako proposamenak bideratzeak "udal kutxetan sortutako aurrekontuen desoreka izugarria" eragingo zuela. “Irailetik abendura, bi alderdiek aurkeztutako proposamenak aurrera eramateak Udalarentzat 5.715.030 euroko gastua suposatuko zuen. Kontrakoan, biharko osoko bilkuran aurkeztuko duten proposamena aurrera eramateak Udalak 3.000.000 euro ez biltzea ekarriko luke. Zelan egin daiteke Udalaren gastu korrontea gehitzearen alde eta bestetik bilketa murriztearen alde?. Planteamendu hori honako bi jarrera hauetatik soilik uler daiteke: bere proposamenak ez direla betebeharrekoak jakitearen ikuspuntutik eta orduan horren ondorio ekonomikoak ez kezkatzearen jarreratik edo arduragabekeriatik. Biek erakusten dituzte proposatzaileen izaerak”, amaitu du.