Mobilizazio andana izango da egunotan Uribe Kostan eta Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 12a, 19:21

EHAK eta Eusko Abertzale Ekintza alderdien "de facto"-ko ilegalizazioa, Batasuneko militanteen atxiloketa, hainbat euskal herritarrek pairatutako torturak, presoen dispertsioa eta makina bat argudio gehiago erabilita, egunotan "salbuespen egoerari stop" esateko hainbat mobilizazio izango dira eskualdean, tartean osteguneko greba orokorra. Horrela, etzi, osteguna, eguerdiko 12etarako "herri guztietan" elkarretaratzeak eta ordu bat beranduago Algortako Telletxe plazatik abiatuko den manifestazioa deitu ditu LAB sindikatuak. Arratsaldean, berriz, kotxe-karabana antolatu du ezker abertzaleak Artea merkataritzaguneraino, eta bertan mobilizazioa egingo dute. Sopelan ordutegia apur bat aldatuko da, bertan 12:30ean eta 20:00etan deitu baitituzte mobilizazioak Udaletxe plazan. Baina, aurretik ere protestak izango dira. Esate baterako, gaur eta bihar 19:00etan, auto karabana antolatu du Itzubaltzeta / Romoko ezker abertzaleak, Branka kultur elkartetik abiatuta. Leioan, berriz, bihar 19:00etan egingo dute auto karabana, osasun etxeko parking-etik abiatuta. Egun horretan, ordea, Algortan Torturaren Aurkako Egunaren harira mobilizazioa deitu dute 20:00etan Telletxe plazan. Argazkian, pasa den ostiralean Plentzian egin zuten ilegalizazioen aurkako elkarretaratzea / Piztu!

Greba eguna igarota ere, protestek ez dute amaierarik izango eta ostiralean, 20:00etan, ez ohiko udalbatza egingo dute Sopelan, oraingoz EAEk, EBk, Berdeek eta EAk deituta, ilegalizazioa salatzeko. Horren ostean asteburuko itxialdia egitea proposatu du bertako ezker abertzaleak igandean 13:00etan, eskualde mailako manifestazioaren bukatuko dena.

Bestalde, Sopelan ere, "Herriaren aldeko borrokak ez du etenik, borrokaz independentziari ateak ireki" lelopean Gazte Topagunearen aurkezpena egingo dute larunbatean, hilak 16, 14:30etik aurrera eta horrekin batera herri bazkaria eta txotx-a antolatu dute, herriko tabernan.

Egitaraua:

Asteartean, hilak 12:
- Itzubaltzeta / Romon, 19:00etan auto-karabana Brankatik.

Asteazkenean, hilak 13:
- Itzubaltzeta / Romon, 19:00etan auto-karabana Brankatik.
- Leioan, 19:00etan auto-karabana osasun-etxeko parking-etik.
- Algortan, 20:00etan mobilizazioa Telletxe plazan.

Ostegunean, hilak 14:
- Herri guztietan, 12:00etan elkarretaratzea.
- Algortan, 12:00etan elkarretaratzea Telletxe plazan.
- Itzubaltzeta / Romon, 12:00etan mobilizazioa Kolas plazan.
- Plentzian, 12:00etan mobilizazioa Astilleron.
- Sopelan, 12:30ean mobilizazioa Udaletxe plazan.
- Algortan, 13:00etan eskualde manifestazioa Telletxe plazan.
- Eskualdean, 17:00etan, auto-karabana Artea merkataritzaguneraino, eta bertan mobilizazioa.
- Herri guztietan, arratsaldean, mobilizazioa
- Algortan, 19:00 manifestazioa, Telletxen
- Plentzian, 20:00etan mobilizazioa Pirulin.
- Sopelan, 20:00etan mobilizazioa Udaletxe plazan.

Ostiralean, hilak 15:
- Sopelan, 20:00etan ez ohiko udalbatza.
- Sopelan, itxialdia.

Larunbatean, hilak 16:
- Sopelan, itxialdia.
- Sopelan, 14:30ean Gazte Topagunearen aurkezpena, herri bazkaria eta txotx-a, herriko tabernan.

Igandean, hilak 17:
- Sopelan, itxialdia.
- Sopelan, 13:00etan eskualde manifestazioa.

Leioako ezker abertzalearen oharra:

Euskal Herria aldaketaren atarian da

2005-2007 negoziazio aldia eta ondorenean, haustura emanda, Espainiako Gobernua (Estatua) eta berau kudeatzen duen PSOE alderdiak sekulako jauzi errepresiboan murgilduta dago.

Euskal Herriak, bere buruaren jabe izateko daraman bidea soilik errepresio bidez geldi dezakeela sinestarazita dago. Zentzu honetan, estatuko tresna diren botere judiziala eta segurtasun indarrek baimena dute Euskal Herriaren kontra edozein gauza egiteko.

Azken hilabeteak horren erakusle dira: Sarekadak, Batasuneko mahi nazionalaren kartzelaratzea, ilegalizazioak, 18/98 auzikoen kartzelaratzea, tortura, ekitaldien debekuak…Oinarrizko eskubideen aurkako jazarpen eta eraso larriak salbuespen egoera ezarri dute Euskal Herrian eta herritarrak dira zigortuak gehien.

Finean, Euskal Herriaren hitza eta lurraldetasuna ukatu nahi dute, aldaketa politikoa ahalbideratu dezakeen jendarte sektorearekin bukatu nahian dabil.

Salbuespen egoera honi "stop!" esateko ordua dela deritzogu, Independentistokin ezin izango dutela bukatu esateko tenorea heldu zaigu. Oinarrizko eskubideen defentsa eta egoera justu ahalbidetuko duen aldaketa politikoa Euskal Herriak eta herritarrek bermatu behar dugulako, guztion konpromiso eta parte hartzea beharrezkoa dugulako. Horregatik, Otsailaren 14an izango den greba orokorrarekin bat egitera gonbidatzen zaitugu, zure konpromisoaren bidez taberna, denda, bulegoa, tailer, enpresa… ixtera.

Euskal Herriaren aldaketa, herritarren hitza eta erabakia kontutan hartuz izango dela ziurtatzeko, lurralde guztien presentzia eta parte hartzea benetakoa izango dela ziurtatzeko.

Horregatik, otsailaren 14an denok grebara! Kalera! Salbuespen egoerari stop esatera!

Leioako ezker abertzalea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun