Ezker abertzaleko kideek nabarmendutakoaren arabera, gainera, "askoz gehiago" aurreikusten zen Arruebarrenak aipatutako 1998ko proiektuan: "Avanzadaren alboetako bideen berrantolatzea eta Sabino Arana kalea oinezkoentzako gune bilakatzea", euren hitzetan. "Eta guzti hori egin ahal izateko, udala prest zegoela lan horien guzti horien erdia edo ordaintzeko. Are gehiago, proiektu hori hain zuzen ere, 1999 urteko udal hauteskundeen izarretako bat bilakatu zen, eta orduko udal aldizkarian, bere azalean eta guzti, horren berri eman zen", gaineratu dutenez. Gauzak horrela, "denbora tarte honetan, ezer gutxi egitea" leporatu diote Leioako Udalari.
"Arazoa herriarekin daukate"
Alabaina, ezker abertzalearekin baino, "arazoa herriko bizilagun gehienekin" daukatela "argi" adierazi diete Leioako Udalari, Arruebarrena alkateari eta EAJri: "herritarrok nekatatuta, nazkatuta eta pazientzia agortua dugu ikusita zenbat urtetan ezer egin barik egon den udala, alkatea eta PNV. Herritarrok Avanzadaren lurperatzea, Sabino Arana kalearen oinezkoentzako gune bilakatzea eta gaur egun jasaten dugun zarata, trafiko arazoak eta alde bien arteko inkomunikazioa behingoz konpon daitezela nahi dugu, horretarako egin behar den guztia, behin aitzakia mota guztiak utzita, horren ardura duten Diputazioak eta Udalak bere gain hartu behar dutelarik. Eta ez 2010ean, 2015ean edo 'ad calendas graecas' ez dakigu zelako proiektua aurkeztuko dutela esanda, konpromisoak eta dirua jarrita baizik. Eta horrelakorik, momentuz, ez dago ez Diputazioaren aldetik, ez udalaren partetik. Edo bestela, erantzun diezaiotela galdera sinple honi: Zenbat miloi euro aurrikusi dituzte Diputazioak eta Udalak euren 2008rako aurrekontuetan Avanzadaren estaltzeko?", diote ezker abertzaleko kideek. Horrenbestez, leioaztar guztiak deitu dituzte Avanzadaren estaltzea eta Sabino Arana kalea oinezkoentzako gune bilakatzeko ekinbideetan parte hartzera.
Leioako ezker abertzalearen oharra:
Leioako ezker abertzalea Avanzadaren lurperatzea dela eta herriko alkate Arruebarrenak egindako adierazpenen aurrean:
Eneko Arruebarrena PNV alderdi autonomistako kide eta herriko alkatea denak, iragan asteartean komunikabideen aurreran egindako adierazpenak direla eta zera adierazi nahi dugu:
Leioako ezker abertzalea, edo Arruebarrena alkate autonomistak dioenez, "Batasuna, edo EAE-ANV" gezurretan ari dela eta "Avanzadaren lurperatzea eta oinezkoentzako pasabidearen eraikitzea bidegabeki lotzen ari direla, ezelako loturarik ez daukatenean" leporatzen digu, baina jarraian, eta ezelako lotsarik gabe, alkateak berak dio "bi proiektu ezberdin eta osagarriak direla", eta gainera, ondoren honako hau dio: "1998ko azaroan, udalbatzak, aho batez, hiru gauza onartu zituen: Avanzadaren alboetako bideak asafaltatzea, itxi gabeko zatiak estaltzea, eta lur azpiko oinezkoentzako pasabideak gainetiko pasabideekin ordezkatzea".
Informazioan gaineratzen denez, "EHk ere oniritzia azaldu zion proiektuari". Soil soilik zati hau irakurrita ondorioztatu daiteke nor ari den gezurretan: Lehenengo eta behin, EHk ezin izan zion ezelako oniritzirik eman proiektuari 1998ko azaroan, udaletxean ez baitzegoen, EH 1999ko ekainean aurkeztu baitzen udal hauteskundeetara lehen eta azken aldiz, espainiarrek geroago ilegalizatu baitzuten. Eta bigarrenik, ezin da esan "Avanzadaren lurperatzea eta oinezkoentzako pasabidearen eraikitzea bidegabeki lotzen ari garela, ezelako loturarik ez daukatenean", eta jarraian adierazi 1998ko abenduan udalbatzak aho batez "Avanzadaren alboetako bideak asfaltatzea, itxi gabeko zatiak estaltzea eta lur azpiko oinezkoentzako pasabideak gainetiko pasabideekin ordezkatzea".
Alkate autonomistak adierazi bezala, lotuta daude, baina, Arruebarrenak esaten ez duena da garai hartan Avanzadaren lurperatzea eta alboetako bideen afaltatzea baino askoz gehiago aurrikusten zela berak aipatu proiektuan. Besteak beste, Avanzadaren alboetako bideen berrantolatzea eta Sabino Arana kalea oinezkoentzako gune bilakatzea. Eta guzti hori egin ahal izateko, udala prest zegoela lan horien guzti horien erdia edo ordaintzeko. Are gehiago, proiektu hori hain zuzen ere, 1999 urteko udal hauteskundeen izarretako bat bilakatu zen, eta orduko udal aldizkarian, bere azalean eta guzti, horren berri eman zen. Zergatik ez du atera hori ere Arruebarrena alkate autonomistak? Nor ari da hemen gezurra edo egia erdia esaten? Nor ari da informazioa ezkutatzen?
Txosten teknikoak ere aipatu zituen Arruebarrena jaunak. Baina, txosten tekniko horiek, ezker abertzalea Leioako udalean egon den denbora guztian zehar, ez dira inoiz inon azaldu, eta ez dakigu nork eta noiz egina izan den halakorik, baldin eta badago. Aitzitik, bai badakigu PNVk maiz esan duena: Avanzadaren estaltzea bideraezina zela hain juxtu berak aipatu dituen ziurtasun neurriak direla kausa. Poztekoa da ikustea duela 4-5 urte bideraezina zena egingarri bilakatu dela egun.
Denbora tarte honetan, baina, herriko udalak ezer gutxi egin du Avanzadaren estaltzea eta Sabino Arana kalearen oinezkoentzako gune bilakatzeko. Alkateak aipatu dituen alboetako bideen asfaltatzeak ezer gutxi dauka 1999ko lehenengo proiektu horretatik, eta orduko Sabino Arana kalearen oinezkoentzako gune bilakatzea badirudi desagertu dela egitasmo horretatik.
Gainera, herriko urbanizatzea etengabe hazi da, gero eta etxebizitza gehiago ari dela egiten Avanzadaren alboetan, errepide horren albo bietan bizi diren bizilagunek jasan behar duten egoera hobetu beharrean, txarrera jo duelarik (trafikoa gehitu da, zarata jasanezina, herriaren alde biak lehen bezain zatitu eta inkomunikatuak edo gehiago,?).
Leioako Udala, herriko alkate autonomista eta PNV "Aznaritisak" eta "Garzonitisak" jota daudela argi dago. Euskal Herriko independentistok eta ezkerreko abertzaleok espainiar Estatuaren jazarpen gero eta lotsagarriagoa jasaten ari garen honetan, Arruebarrenak ez du lotsarik esaten dituen "loreak" esateko. Bere jauntxokerian eta herriko abertzale ezkerrekook baztertuta izatean pozik zegoen alkateari muturra okertu zaio sektore hori ezin alboratuzkoa dela eta herriko arazoen aurrean konponbideak planteatzeko gai dela ikusi duenean. Gaitzerdi, alkate jauna. Ezkerreko abertzaleok hemen gaude, eta hemen jarraituko dugu, zuen jauntxokeriak eta bidegabekeriak salatzen eta herriko arazoen aurrean gure planteamendu eta alternatibak herriari eskeintzen, zuei gustatu zein ez.
Hala ere, argi utzi nahi dugu Avanzadaren estaltzea eta Sabino Arana kalearen oinezkoentzako gune bilakatzeko proiektuan Leioako Udalak, herriko alkateak eta PNVk ez daukatela arazoa ezker abertzalearekin, herriko bizilagun gehienekin baizik, Herritarrok nekatatuta, nazkatuta eta pazientzia agortua dugu ikusita zenbat urtetan ezer egin barik egon den udala, alkatea eta PNV. Herritarrok Avanzadaren lurperatzea, Sabino Arana kalearen oinezkoentzako gune bilakatzea eta gaur egun jasaten dugun zarata, trafiko arazoak eta alde bien arteko inkomunikazioa behingoz konpon daitezela nahi dugu, horretarako egin behar den guztia, behin aitzakia mota guztiak utzita, horren ardura duten Diputazioak eta Udalak bere gain hartu behar dutelarik. Eta ez 2010ean, 2015ean edo "ad calendas graecas" ez dakigu zelako proiektua aurkeztuko dutela esanda, konpromisoak eta dirua jarrita baizik. Eta horrelakorik, momentuz, ez dago ez Diputazioaren aldetik, ez udalaren partetik. Edo bestela, erantzun diezaiotela galdera sinple honi: Zenbat miloi euro aurrikusi dituzte Diputazioak eta Udalak euren 2008rako aurrekontuetan Avanzadaren estaltzeko?
Azkenik, Leioako ezker abertzaleak lanean jarraituko du, instituzioetan eta kalean, hainbat eta hainbat urtetan jasan behar izan dugun arazo honen aurrean benetako konponbideak plantea daitezen. "Loreak", hitz gordinak, jauntxokeriak eta ezkutukeriak, Arrubarrena eta PNV alderdiarentzat utziko ditugu, gustukoak dituzte eta. Beraz, gure laguntza osoa adierazi nahi diogu horren alde lanean ari den herritarren plataformari eta leioaztar oro Avanzadaren estaltzea eta Sabino Arana kalea oinezkoentzatko gune bilakatzeko ekinbideetan parte hartzera dei egiten ditugu.
Leioako ezker abertzalea