Aginaga 21 urteko espetxe zigorra betetzen ari da, ETAren Irunberri komandoko (Nafarroa komandoa zena, polizia iturrien arabera) kide izatea leporatuta. 2003ko uztailan atxilotu zuten, Urretxuko Josega Segurolarekin batera, Dabid Zebrianen etxean, Berriozarren. Polizia iturrien arabera, "lehergaiak, arma ugari eta munizioa eta bonbak egiteko gaiak" atzeman zizkieten; baita dokumentazioa ere. Alcalan (Madril) eduki ostean, 2005eko uztailean eraman zuten Ocaña I espetxera. Berangoztarrari, Segurolari eta Zebriani 2005eko urtarrilaren 13an egin zieten epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hasierako bientzat 21 urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak, ETAren Irunberri komandoko (Nafarroa komandoa zena, polizia iturrien arabera) kide izatea leporatuta. Azkenekoari, berriz, zortzi urteko espetxe zigorra, ustez aipatu egituran laguntzaile izateagatik. Fiskalaren ustez, "froga nahikoak" zeuden "hirurak etakideak direla esateko". Hirurek deklaratzeari uko egin zioten. Baina, horien aurka egiteko zortzi lekuko aurkezteaz gain, atxilotuak izan ziren garaian egindako deklarazioak irakurri zituen fiskalak, "zeinetan talde armatuko kide direla" aitortzen zuten, magistratuaren hitzetan. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, aldiz, "horiek, bost egunez inkomunikatuta egon zirenean hartuak" izan zirela adierazi zuen, eta "baliogabetzat" jo zituen, hiru gazteak askatzea aldarrikatuz.
Soto del Real
Paul Asensio Toledoko Ocaña I espetxera aldatu dutela kontutan hartuta, Soto del Real espetxean Uribe Kostako zazpi preso daude: azaroaren 22an Baltasar Garzon epailearen aurrean aurkeztu ondoren kartzelaratu zituzten Juan Bautista Galdiz "Batis" eta Gorka Oribe; Abenduaren 18an atxilotu zuten Algortan jaio eta Errigoitiko bizilaguna den Marije Fullaondo Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea; Urtzi Murueta leioaztarra, Manex Zubiaga algortarra eta Lexuri eta Irantzu Gallastegi ahizpa berangoztarrak. Azken hori, amen moduluan dago, bere alabarekin.