Uribe Kostako AAMren oharra:
Ezer ez da aldatu
Otsailaren 13an Poliziak egindako torturaz hil zen Joxe Arregi Carabanchel espetxeko ospitalean. Torturatuak eta torturaz hildakoak ugari izan dira Euskal Herrian, eta orain ere sistematikoki torturatu egiten dituzte atxilotuak, bai Espainiako poliziek zein EAEko Ertzaintzak ere. Ikusi TAT eta TKT.
Egia da Ertzaintzak metodoz aldatu eta orain batez ere ADN “erabili” egiten duela nahi dituenak espetxeratzeko, baina egia da ere Ertzaintzak egindako torturaz baliatuta gazte ugari dagoela gaur egun espetxean. Eta Uribe Kostan Orkatz Gallastegi gogoratu besterik ez daukagu Ertzaintzaren jokabide politiko anker hori begi bistan ikusteko.
Izan ere, egoera demokratiko normal batean torturaz kutsatutako sumarioak bertan behera eta atxilotuak libre utzi beharko zituzten besterik gabe. Uribe Kostan badira torturaz soilik oinarritutako sumarioen ondorioz espetxean zigor osoak betetzen ari direnak, Orkatz Gallastegi bezala, Albaro Arri, Jabier Gallaga…
Eta torturak jasandako guztiak ere kalera atera beharko lirateke egoera demokratiko normal batean. Horretara, denak libre utzi beharko zituzten!!
Uribe Kostan ere mobilizazioak izango dira:
Algorta: 20:00, Telletxe.
Torturarik ez!
Utzi bakean Euskal Herria!
Autodeterminazioa eta amnistia!
Askatasunaren oharra:
Espainiar gobernuak helburu argiarekin erabiltzen du tortura: Euskal herriaren independentziaren bidea oztopatzea. Erabilera basati hori, modu sistematizatuan egiten du gainera. Horren froga inkomunikazio egoeran ematen diren atxiloketekin batera ia kasu gehienetan ematen diren tortura testigantza gordinak. Zoritxarrez azken asteotan ere egoera hori errepikatu da, Gorka Lupiañez, Igor Portu, Mattin Sarasola… zerrenda luzeegia. Azken 30 urteotan 7.000 Euskal herritarrek baino gehiagok jasan dituzte Torturak.
Datu beldurgarri horrek, Frankismoaren ondorengoa den espainiar estatuaren izaera ez demokratiko larria argi erakusten du. Tortura plangintza errepresibo oso baten ezinbesteko tresna da; Espainia batuaren proiektua kolokan jartzen duen edozein herritar inpunitate osoz, atxilotua, inkomunikatua, eta torturatu izan daiteke. Estrategia berean kokatzen ditugu presoen aurkako dispertsio politika, jazarpen poliziala edo ezker abertzaleko alderdi eta antolakundeen aurkako ilegalizazio politika.
Salatu behar dugu guzti honen aurrean beraien burua abertzale eta demokratatzat duten PNV eta NaBairen jarrera. Aho txikiz adierazten dute torturaren, legez kanporatzeen, dispertsioaren… aurka daudela, ondoren Madrilen segurtasun indar torturatzaileei beraien babes osoa eskaintzeko.
Askatasunetik dei egiten dugu errepresioaren aurka herriz herri erantzun eta mobilizatzera, bai torturaren aurka, baita bizi dugun salbuespen egoeraren aurrean mobilizatzera ere.
Aski da!
Euskal Herrian, 2008ko otsailean
Askatasuna