Eskolaratze sasoian dauden haurren gurasoei banatuko zaien liburuxkan, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistemari buruzko informazioa eta hainbat aholku eta gomendio jasotzen dira. "Euskarazko irakaskuntzak etorkizunari begira dituen abantailak ere aipatu dira bertan, hala nola bi edo hizkuntza gehiagotan hitz egiteko aukera, lan aukera zabalagoa edota kultura bat baino gehiago ezagutzeko aukera", azaldu du foru iturriek. Gainera, bi hizkuntza edo gehiagotan aldi berean hitz egiteak dituen abantailen berri ere ematen da, bi hizkuntza erraztasunez ikasten dituzten ikasleek emaitza hobeak izaten baitituzte ikasle elebakarrek baino, eta halaxe erakusten dute hainbat herrialdetan egindako ikerketa pedagogikoek.
15.500 puzzle
Esan bezala, hainbat liburuxka banatuko dira, eta euretan hezkuntza sistema osatzen duten ereduei buruzko informazio zabala emango da. Horrekin batera, udal bakoitzeko arduradunak sinatutako gutuna eta eskolan hastear dauden umeentzako oparia ere banatuko dira; aurten "1+1=bi" goiburua daraman puzzlea jasoko dute umeek euren etxeetan.
2007-08 ikasturteko datuak oinarri hartuta, Bizkaian, 44.133 ume matrikulatu dira haur hezkuntzan. Gehienak, 29.023 haur, D ereduan matrikulatu dira; 11.504, B ereduan; 3.180, A ereduan; eta 426, X ereduan. Lehen Hezkuntzan 55.014 ikasle matrikulatu dira: 30.583, D ereduan; 16.835, B ereduan; 6.770, A ereduan; eta 826, X ereduan. Datu horiek aintzat hartuta, 2007-08 ikasturtean, ikasleen %7,20 baino ez da matrikulatu A ereduan, %26,06 B ereduan eta %65,76 D ereduan.