San Balentin egunarekin batera, ostegun honetan bertan, otsailak 14, banatu behar zituzten Sopelako Udal Kultura Sailak antolatutako "Maite maitea" lehiaketaren sariak. Alabaina, bihar greba eguna izanik (nahiz eta hori ez duten aipatzen prentsa oharrean), ekitaldia hilaren 19ra aldatzea erabaki dute. Hortaz, sari banaketa asteartean egingo dute, 19:00etatik aurrera, udaletxeko Hall Kulturalean. Udal iturriek eragozpenak barkatzeko eskatu dute. Laugarren urtez antolatu dute "Maite maitea" lehiaketa Sopelan. Horrenbestez, interesatutako lagunek euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako nahi beste gutun aurkezteko aukera izan dute otsailaren 10era bitartean. Gaia librea da, beti ere maitasuna edo maitasun ezarekin erlazionaturik baldin badago. Lehiaketa bi kategoriatan banatuta dago: batetik, gazteak, 12 urtetik 15 urtetara eta 16 urtetik 18 urtetara arteko azpitaldeak bereiziz; eta bestetik, nagusiena, beste bi multzok osatuta: 18 urtetik gorakoak eta 60 urtetik aurrerakoak hain zuzen. Sariak, berriz, adinaren araberako ezusteko oparia eta bi pertsonentzako afaria izango dira, hurrenez hurren. Saria jasotzeko ezinbestekoa da ekitaldi horretara joatea.