Egunkari digital honetan lan egiten duten beharginek gaur goizean komunikatu diote argitaratzailea den UKBERRI Uribe Kostako Komunikabide Euskaldunak elkartearen zuendaritzari bihar, otsailak 14,
LAB sindikatuak eta hainbat eragile soziopolitikoek
deitutako grebarekin bat egingo dutela. Beharginen arabera, "azken egunotan inoiz baino argiago gelditu da Euskal Herrian ez dagoela bermerik proiektu politiko guztiak aurrera eraman ahal izateko eta oinarrizko eskubideak, salbuespen egoeretan bezala, guztiz urratuta daudela. Egun, Espainiako Estatuak erabilitako Polizia, espetxe zein 'justizia' jardueren bidez ez dago guztiontzako adierazpen, informazio, biltze, ibiltze edo protesta egiteko eskubiderik. Era berean, ordezkari politikoak hautatzeko zein hautatua izateko eskubideak ere ukatuta daude hainbat euskal alderdiren laguntzaz. Azkenik, euskal gatazka konponbide bidean jarri behar zuen apurtutako prozesu demokratikoa berpiztea eskatu behar diegu eragile guztiei". Horregatik, UKBERRI.NETeko kazetariek ostegun honetan ez dute normaltasunez lan egingo eta soilik emango dute greba orokorrari buruzko informazioa. Gure irakurleek ulertuko dutelakoan gaude.
UKBERRI.NET