Mongeren tesiak dio eskolaren irakaskuntza-eredua ez dela apenas aldatu, eta oinarrizko teknologia erabiltzen jarraitzen du, hau da, hitz inprimatua. Gizartean gertatzen ari diren aldaketa guztien aurrean, eskolak ezin duela geldirik geratu iritzi dio, "zaharkitua geratzeko arriskua baitu". "Hortaz, ezin da espero teknologia berriak ezartze hutsarekin eskola bere kabuz aldatuko denik. Ezinbestekoa da teknologia horien guztien jarraipena egitea eta eskola teknologia berrietara egokitzea", dio.
Doktore-tesi horren zuzendaria EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea saileko irakasle Joxerra Garzia izan da. Lan horrek bikain cum laude kalifikazioa lortu du, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko zenbait kideren nahiz EAEko bigarren hezkuntzako zenbait zentroren laguntza izan du. Sergio Monge Benito Publizitatea eta Harreman Publikoetan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, marketin-aholkulari gisa lan egiten du Interneten.
Hobekuntzarako zenbait ildo
Ikerketa-lan honen helburua izan da irakaskuntzan teknologia horiek ezartzeko oinarriak identifikatzea, egungo egoeraren berri ematea, teknologia horiek ezartzeko prozesuaren oztopo nagusiak aurkitzea eta hori guztia hobetzeko ekintzak proposatzea. Une oro praktikaren ikuspuntutik lan egin da. Alegia, aldaketa teknologikoaren alorrean lanean diharduten ikastetxeetako irakasleek nahiz aholkulariek haien eguneroko jardunean aurkitzen dituzten arazoak eta egoerak gainditzen saiatu da. Horretarako, prozesuan parte hartzen diharduten hainbat adituri elkarrizketak egin dizkie, arazoak eta konponbideak aztertzeko. Jarraian, informazio hori guztia egiaztatu du. Halaber, ikastetxeetako ekintzen jarraipena egin du; baita azterketa bibliografikoa ere.
Publizista bizkaitarrak argi ikusi du EAEko bigarren hezkuntzan 1999-2004 urteetan egin den IKTen ezarpena ez dela behar bezalakoa izan. Horretarako oztopo nagusiak hauek izan dira, besteak beste: IKTak ezartzeaz arduratzen diren instantziek ez dute era koordinatuan lan egin fenomeno berri horren aurrean; IKTak ez dira hezkuntzako arazoak konpontzeko txertatu, baizik eta Europan gertatu den bultzada ideologikoaren ondorioz; IKTen azpiegiturak garestiak suertatu dira eta zaharkituak geratu dira berehala, eta egungo bigarren hezkuntza ez da IKTekin lan egiteko egokiena.
IKTak ikasgeletan txertatu diren arren, irakasteko eta ikasteko erak asko aldatu behar dira oraindik ere. Ohiko irakaskuntza irakaskuntza interaktiboago batez ordezkatzeko, garrantzitsua da irakaslearen ezagutza ikasleari transmititzeaz arduratzen den "irakasle transmititzailearen" eredua aldatzea. Alegia, irakasleak ikaslearen ezagutza areagotzeko ahalegina egin behar du, informazio-iturriak erakutsi behar dizkio, haren ezagutza hobetzeko mekanismoak eta ariketak zeintzuk diren azaldu behar dizkio eta abar. "Ikasleak kritiko izateko gaitasuna garatu behar du, informazioa sailkatzen eta antolatzen jakin behar du", dio.
IKTen ezarpen-prozesuan arazoak sortzen dituzten elementuen berri eta horiek gainditzeko irtenbideen berri ematen duen ikerketa-lana da tesia. Lan honen helburua ez da fenomeno berri horren inguruan sor daitezkeen kezkentzako eta galderentzako erantzunak aurkitzea, baizik eta lehenengo behaketa bat egitea. "Alegia, irakaskuntzan teknologia berriak ezartzearen alde lan egiten diharduten adituentzako hobekuntza-tresna izatea", azaldu du.