Leioako etxe-laguntza zerbitzuko langileak urtarrilaren 23tik greban daudela gogoratu dute gaur, prentsa ohar baten bitartez, ELA sindikatuko iturriek. Modu honetan, lanuzteak hiru aste bete ditu jada. Langileen erakundearen arabera, hiru aste hauetan zehar, Lagunduz enpresak ez du langileekin gatazkaren arrazoiak "errotik aztertzeko asmorik azaldu", eta ez du "inolako hurbilketa saiakerarik egin" langileek pairatzen duten egoera konpontzeko. Horrela, enpresak hartutako erabaki horren "lehen kaltetuak" etxe-laguntza zerbitzuaren hartzaileak beraiek direla azpimarratu du ELAk, "ezin baitute beraien zerbitzua behar bezala jaso ordutik". "Egoera honetara ekarri gaituzten arrazoiak gogorarazi nahi ditugu. Alde batetik, azken hamar urteetan ezin izan da KPItik gorako inolako soldata igoerarik izan, antzinakotasunaren balioa hiru urteko bakoitzeko 1,83 eurokoa da, enpresan behin-behinekotasuna %40koa baino handiagoa da eta behin-behineko langile hauek jardunaldia oso txikia izan ohi da, ondorioz, ez dute soldata duinik izateko adina ordurik ezta kotizaziorik izateko aukerarik ere", azaldu dute. Argazkian, etxe-laguntza ere beregain hartzen du ELAk urtarrilaren 11an abiatu zuen gizarte ereduari buruzko kanpainak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!