Leioan %50eko segimendua dauka grebak merkataritzan eta ostalaritzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 14a, 12:10

Leioako udalerriko denda txikien eta tabernen erdiak ateak itxi egin ditu edo jaitsi du pertsiana, "salbuespen egoerari stop" eta "aldaketa garaia dela" esatekoa den gaurko greba orokorreko egunarekin bat eginez. Horrela jakinarazi du LAB sindikatuak Leioan egindako lehenengo kontaketaren ostean. Bestalde, lan zentroei buruz oraindik informazioa batzeke badute ere, momentuz jakinarazi dute Betiko ikastolak eta Caja Laboral-Euskadiko Kutxak ez dutela gaur zabaldu. Dena den, azaldu dutenez, arratsaldean osatuko dute itxi duten enpresen zerrenda eta itxi ez duten lan zentroetan lanuzteak izan duen segimenduaren ehunekoaren berri emango dute. Azkenik, LABek salatu du Ertzaintzak greba eskubideari eta lan sindikalari gaur jartzen ari zaizkion oztopoak. Izan ere, Ertzaintzak bi sindikalista identifikatu ditu Udondo auzoan, Ibarrabarri industrialdean kontaketa egin eta beharginekin hitz egin ondoren. Argazkian, Algortako auzokide bat itxitako denda baten aurretik igarotzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun