LAB sindikatuak eta hainbat eragile soziopolitikoek egindako deiari erantzunez, 650 lagun baino gehiago manifestatu dira 13:00etan Algortako kaleetatik "Euskal Herriaren eskubideen alde, salbuespen egoerari stop" lelopean. Martxan Eusko Abertzale Ekintza eta Euskal Herriaren aldeko oihuak Ertzaintzaren aurkakoekin tartekatu dira. Izan ere, grebalariek herriz herri izan dituzte Polizia autonomikoko agenteak atzetik, istiluen aurkako tresneriaz hornituta eta identifikazioak edozerengatik eskatuz. Martxa amaitzear egon denean ere, ertzainak, pilota-jaurtigaluak besoan, bost metrora izan dituzte manifestariek. Bestalde, arratsaldeko mobilizazioak gogoratu dituzte. Lehenengoa 17:30etik aurrera izango da, eskualdea zeharkatuko duen auto-karabana ordu horretan irtengo baita Gorliztik eta Artea merkataritzaguneraino helduta, bertan mobilizazioa egingo dute. 19:00etan, berriz, Algortan izango da mobilizazioa; ordu erdi beranduago, Urdulizen; eta 20:00etan, ordea, Berangon, Sopelan, Leioan, Itzubaltzeta / Romon eta Plentzian.