Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Bizkaian eta Gipuzkoan 24 lagun atxilotu eta pertsona bat zauritu ditu Ertzaintzak, LABek eta hainbat eragile soziopolitikoek deitutako greba orokorrean "kale istiluak edo autoritatearen aurkako erasoak" egitea leporatuta. Atxilotuen eta egoeraren inguruko datuak zabaldu ditu Askatasunak. Uribe Kostan, ordea, ez da atxiloturik egon, baina bai dozenaka identifikazio. Horrela, Algortan hainbat laguni hartu dizkiete datuak kartelak jartzeagatik eta Leioan enpresetan langileekin hitz egiteagatik. Sopelan, pikete informatiboei ere eskatu diete dokumentazioa baina ertzainak ez dira tematu eta alde egin dute agiririk gabe. Erandion ere berdin jokatu dute 90 pertsonek egindako eltze-zalapartan eta Itzubaltzeta / Romon, aldiz, pilota jaurtigailuak uneoro eskuan, grebaren aldeko propaganda banatzen ibili den hainbat pertsonaren atzean joan eta gelditu dituzte paperak eskatzeko, dozena bat guztira. Gauza bera egin dute 150 bat lagun bildu dituen manifestazioaren buruan zeudenekin, Areetako Xake plazan eseraldia egin dutenean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!