Gaurko greba egunaren karira Itzubaltzeta / Romon jazotakoa laburbilduz, prentsa oharra zabaldu du Segi gazte erakundeak. Jakinarazi duenez, goizeko 8etan ekin diote 20 bat lagunek kartel, pankarta eta pegatinekin "herria aldarrikapenez jozteari". Alabaina, handik ordu laurdenera, Ertzaintzaren "bi patruila auto agertu eta bildutakoen atzetik segika hasi dira", salatu dute gazteek. Handik gutxira, "polizia sekretu bi kotxe, ertzainen furgoneta bat eta beste bi patruila auto" izan dira agertu direnak. Lehenengo hiru lagunak identifikatu dituzte orduan. Segik jarraitu duenez, "8:30etik aurrera, berriz, bildutako lagunek nola edo hala alde egin ostean, multzo guztien atzetik eta herri osoan zehar atzetik segika izan ditugu. Patruiletan kontrako norantzan eta jarrera erasokorrean aritu dira". Ordutik aurrera "etengabeak" izan dira identifikazioak. Eguerdian 150 herritar batu dituen manifestazioan ere datuak eskatzen hasi dira ertzainak. "Azkenerako, 15 identifikazio burutu dituzte", dio gazte erakundeak. Bestalde, herrian saltokien %80k ateak itxi dituela adierazi dute. Aspaldiko partez Romo-Artatza institutuak ere ez du eskolarik eman, Zuzendaritzak eskatutako izapide guztiak eginda, ikasleek grebaren alde bozkatu ostean. Argazkian, manifestariak Areetako kaleetan barrena.