Algortan egindako deialdiarekin bat eginez, 500 lagun inguru batu da iluntzeko 7etan Telletxe plazan, herriko kaleetan barrena manifestazioa egiteko. Eusko Abertzale Ekintza eta Euskal Herriaren aldeko oihuak tarteka, giro lasaiagoa bizi izan da arratsaldeko protestan, Ertzaintza agertu beharrean, Getxoko udaltzainek zaindu baitute martxa. Tokiko greba batzordeak emandako datuen arabera, Algorta osoan saltoki eta tabernen %40k itxi dituzte ateak; alabaina, lanuztearen eragina nabarmenagoa izan da erdigunean, %70ra helduta. Bestalde, San Nikolas ikastolan ez da eskolarik egon; Uribe Kosta eskualdean Partaide erakundearen barruan dauden gainontzeko bi zentroetan bezala: Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko, hurrenez hurren. Bitartean, ordu honetarako, elkarretaratzeak egiten dabiltza hainbat herritan: Itzubaltzeta / Romo (80 lagun), Leioa (100 lagun), Sopela eta Plentzian, besteak beste.