Eusko Abertzale Ekintzak, Ezker Batuak, Berdeek eta Eusko Alkartasunak eskatuta, ez ohiko osoko bilkura egin dute, gaur iluntzean, Sopelako udaletxean, EAEren jarduera eteteko Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hartutako erabakia eztabaidatzeko. Alabaina, ekintzaileek alderdi ekologistaren babesa baino ez dute jaso, EB eta EA abstenitu eta EAJk, PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu duten bitartean. Jelkideak "ilegalizazioen aurka" agertu bai, baina ez dute inolako konpromisorik hartu nahi izan. "Hitzez aurka egotea ez da nahikoa, idatziz nahi dugu zuon aldekotasuna", aurpegiratu die Guillermo Vio EAEko bozeramaileak Imanol Garai alkateari eta udal gobernua osatzen duten EAJko zinegotziei. Ekintzaileak kenduta, gauzak "argi" izan dituen zinegotzi bakarra Berta Rodriguez PPko hautetsia izan da: EAEk aurkeztutako mozioarekin egin bezala, EAJk horri aurkeztutako emendakinari ere kontra egin dio. Akabuan, "bat egiten dugunez, bihar hasiko dugun itxialdian parte hartzera gonbidatzen zaituztet", bota die jelkideei Guillermo Vio ekintzaileen buruak. Baita "bidegabekeria" horren kontra protestan jarraituko dutela baieztatu ere. Horrenbestez, bihar eguerdian itxiko dira udaletxean, igandera arte. Bestalde, EAE eta EHAKren "de facto"-ko ilegalizazioaren aurka, Plentziako herrigunean denda eta tabernen %30 bat egin zuen atzoko greba deialdiarekin. Mobilizazioetan, berriz, 65 bat lagun elkartu ziren Astillero plazan (argazkian) eta 40 inguru Pirulin, tokiko ezker abertzaleak emandako datuen arabera.