Koldo Tellitu: "Gorputz Heziketari eman zor zaiona"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 17a, 21:21
Azkenaldian EAEko Hezkuntza dekretua dela-eta Gorputz Heziketaren arloaz gizartean zabaldu den tentsio egoeraren inguruan, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak (EHIK) eta honen barruan Gorputz Heziketa arloaz arduratzen den proiektuak, Xibak, honakoa adierazi nahi dute: Historian zehar eta gaur egun, gure herriako lurraldeetarako curriculumak diseinatu eta ezarri dituzten Espainia, Frantzia, EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoak Gorputz Heziketa arloari ez diote eman zor zaion garrantzia. Azken adibidea Euskal Autonomi Erkidegoko Hezkuntza Sailak aurkeztu duen dekretua da: EHIKko Xiba proiektuko kideek Gorputz Heziketa arlorako euskal curriculumaren testuinguruan landu zuten planteamendutik hainbat ideia eta kontzeptu hartu eta desitxuratu egin ditu.
Gorputz Heziketa arloak landu behar dituen edukien eta hastapenean jasotzen den filosofiaren artean haustura gertatu da eta praktikarako proposatzen diren edukiek eta ebaluazio irizpideek ez dute arloa islatzen.

Arlo bakoitzaren ordu banaketari dagokionez, guk eskola eta ikastolen autonomia aldarrikatzen dugu, eskola bakoitzak bere beharren araberako Hezkuntza Proiektu Propio bat sortzearen alde baikaude. Dekretuan agertzen den ordu banaketak ez du laguntzen ikastetxe bakoitzaren hezkuntza proiektuaren egokitzapena egiten eta, lehen esandakoaren haritik, Hezkuntza Sailaren dekretuak ezarritako ordu kopurua gure arloarekiko duen ardura urria adierazten duela ere erran nahi dugu.

Gu euskararen herri guztietarako, Euskal Herri osorako, baliagarria izango den Euskal Curriculum propio baten alde gaude. Bide honetan, EHIK eta beste zenbait erakunde garatzen ari diren Euskal Curriculumean, Gorputz Heziketa arlorako proposamena egin dugu.

Hala, dei egiten diegu ikastolei, EHIKn Xiba proiektuak proposatzen duen ereduari jarraikiz, Gorputz Heziketari eta bere barnean Euskal Herriko kirol, joko eta jolasei behar den garrantzia eman diezaieten.

Proposamena hezkuntza formalari begira egin den arren, eguneroko bizitzan eta bizitza osoan erabilgarria izatea du helburu, eta Euskal Curriculumean zehazturiko Hezkuntza Xedeak eta Derrigorrezko Hezkuntza Orokorrak lortzeko ere, ezinbestekoa dela argi geratu da. Gorputz, jolas, joko eta jokabide motorren bidez, ikaslearen adimen motorra, komunikatzeko eta harremanetarako gaitasuna, emozioak kontrolatzeko eta adierazteko gaitasuna eta ekintzak egoki bideratzeko gaitasuna lortuko dugu:

Nork bere burua ezagutzea eta norbera izaten ikastea

Emozioen lanketa arlo guztietan bideratu behar dela uste dugun arren, gurean aukera gehiago dugula uste dugu, egoera ludikoek eguneroko bizitzako egoerak irudikatzeko aukera eman eta horien bidez hainbat egoera esperimentatu baititzakegu.

Jokabide motorraren bidez geure buruaren erritmoak eta zikloak ezagutzeko aukera dugunez, gure inguruarekin orekan bizi gaitezkeenez eta gure kulturarekin bat egiten dugunez, geure buruarekin eta gure inguruarekin harmonian bizitzeko aukera izango dugu.

Osasuna osotasunean ulertzeko beharra dugu. Batzuek elikaduraren garrantzia aipatzen dute, beste batzuek jarduera fisikoarena, beste batzuek biena... Beste batzuetan kirola eta osasuna lotzen ditu jendeak, nahiz eta lehiaketaren ondorioz nahiko kontrajarriak izan egoera batzuetan. Jokabide motorra osasunak dituen ezaugarriak lantzeko bide bakarra ez izan arren, osasuna bere dimentsio osoan ulertzeko baliabide asko eskaintzen dizkigu.

Pentsatzen eta ikasten ikastea

Nahiz eta mugimendua Gorputz Heziketaren ezinbesteko baldintza izan, gero eta argiago dugu mugimendua ez dela pertsonen oinarrizko baldintza bakarra. Mugimenduek ekintza behar dute, mugimendu gehienak intentziodunak baitira. Erabakiek asmo zehatza, helburua, intentzioa bilatzen dute eta hor sortzen da jokabide motorra eta horrexegatik da ekintza motorra gure arloaren muina.

Pertsonon biziraupena erabat lotua dago motrizitatearekin. Geure burua arriskuan sentitzean, modu arrazionalean zer egingo dugun pentsatu aurretik, gure burmuin linbikoak erabaki motorra transmititzen du. Mekanismo linbikoa ziurgabetasunak jartzen du martxan, eta egoerak bizi ahala, ziurgabetasun eremua geroz eta txikiagoa da eta gure erabaki motorrak geroz eta neurtuagoak.

Komunikatzen ikasi

Nahiz eta gure jendarteak hitzari jokabide motorrari baino garrantzi handiagoa eman, jokabide motorra komunikaziorako oso garrantzitsua da, gorputz adierazpen praxemikoa ezinbesteko baldintza baita besteekin modu asertiboan komunikatzeko.

Pertsonon garapen osoa, integrala lantzeko, garapen psikomotorraz gain, ingurune sozialaz eta fisikoaz jabetzen laguntzen digun garapen soziomotorra ere lantzea behar-beharrezkoa da.

Elkarrekin bizitzen ikastea

Pertsonen arteko edozein harremanetan, jolas eta jokoetan bezala, elkarbizitzarako arau batzuk bete behar dira. Arau horiek eta kanpoko elementuek gure jarrera etengabe moldatzen dute. Jolas eta joko arauen bidez barne logika barneratzen eta errespetatzen dugu, eta kanpo logika, berriz, jolas eta jokoen inguruko unibertso sozialak osatzen du.

Gure jokabide motorra erabat lotua dago gure kultura tradizional eta sinbolikoarekin, jolas eta jokoen barne logika kulturaren sare sinbolikoen bidez osatzen baita, hau da, jolas eta jokoak kulturaren isla zuzenak dira. Pertsonon garapenak hizkuntzarekin eta kulturarekin lotura zuzena duen bezala, jokabide motor tradizionalarekin ere badu (etnomotrizitatea).

Kirola jolas eta jokoen perspektibatik aztertuz gero, jarduera ludikoen eta kulturen arteko loturak deskubrituko ditugu, eta ikuspuntu horretatik, jolas eta jokoen hetereogeneizazioa bultzatzeaz gain, herrien arteko errespetua bultzatuko dugu.

Egiten eta ekiten ikasi

Ludikotasuna bizitzako momentu ilunei aurre egitea da, une gogorrei eta une monotonoei aurre egiteko egoera atseginak asmatzea. Egoera ludikoek indartu egiten gaituzte, imajinazioa elikatzen dute, erabakiak hartzeko gaitasuna indartzen dute eta harremanak aztertzen dituzte. Pertsonen autonomia eta konfiantza indartzen du, eta gatazkak konpontzeko ere, tresna ezin hobea da.

Kulturarik gabe ez dago herririk. / Jolas eta jokorik gabe ez dago kulturarik.

Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren lehendakariak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun