Bihar, astelehena, eta martxoaren 2a bitartean, sopeloztarrek munduko beste herrietako emakume eta adineko pertsonak zelako egoeretan bizi diren ezagutzeko aukera izango dute Izan izeneko elkarteak prestatutako argazki-erakusketa bikoitzari esker. Izan ere, Sopelako udaletxeko sotoan dagoen Udal Erakusketa Aretoan "Sin genero de dudas" eta "Historias de vida" argazki bildumak erakusgai izango dira. Bertan, besteak beste, Afrika, Hego Amerika edo Europako andra eta agure zein atsoak izango dira markoen artean. Argazkiak ondo ulertzeko eta herri bakoitzeko egoera hobeto ezagutzeko taula batzuk ipiniko dira informazio zehatzarekin. Izan elkarteak hainbat lan egiten ditu, nagusiki Garapenerako Hezkuntzaren arloan. Beraz, beharrezkotzat jotzen dute munduko beste herrietan bizi diren errealitate desberdinak ezagutaraztea: "funtzezkoa da existitzen diren bidegabekeriaz eta ezberdintasunaz jabetu gaitezen, bai han baita hemen ere", azaldu dute argazki erakusketaren arduradunek.