Musika jaialdiak eta azokak izango dira Getxoko 2008ko kultur egitarauaren ardatza

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 18a, 19:58

Getxoko Kultur Etxeak 2008rako egitaraua aurkeztu du gaurko prentsaurrekoan. "Programazio anitza eta kalitatezkoa izango da urteko eskaintzaren ardatz nagusia, ikusle mota guztien zaletasunak asetzeko asmoz diseinatua", tokiko kultur iturrien arabera. Aurten musika jaialdiak (jazz, folk, blues, musika klasikoa, musika korala, habanerak...) eta azokak (eskulangintza, arte sortu berriak, komikiak...) izango dira nagusi. Halaber, antzerkia, zinea, dantza, bertsolaritza, folklorea eta bestelako hamaika ekitaldi eta jarduera ere ez dira faltako. Aldaketa nagusia musika klasikoaren zikloan emango da, data aldatu baitute: hemendik aurrera martxoan egingo da eta "Udaberriko Kontzertuak" hartuko du izena.

Kultur arduradunen hitzetan, "ekintza handiak" dira 2008ko programazioaren euskarri nagusietako bat, eta horien artean "bereziki aipagarriak" dira udako jaialdiak. Berriro ere Nazioarteko Blues Jaialdiak emango dio hasiera ziklo horri ekainean eta Getxo Jazz izango da ondoren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jazz jaialdien zirkuitu garrantzitsuaren barnean. Azkenik, irailean, Getxo Folkek itxiko du zikloa, munduko musiken eskutik. Horiez gain, beste musika ekitaldi batzuk ere izango dira urtean zehar, hala nola, Habanera Jaialdia, Aste Korala eta Folklore Jaialdia. Bestalde, ez ditugu ahaztu behar musika klasiko kontzertua. Aurten, dataz aldatu dituzte eta, horrenbestez, martxoan egingo dira. Hori dela eta, aurten hasita, Udaberriko Kontzertuak izena hartuko du zikloak. Horiekin guztiekin, beste genero batzuekin gozatzeko aukera izango du ikusleak.

Azokak

Getxoko kultur panoraman garrantzitsuak dira azokak eta erakustaldiak. Eskulangintza Azoka beteranoa, esaterako, eskulanen arloan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dagoen "ekitaldi garrantzitsuena" da, arduradun getxoztarren ustez. Bestalde, horrenbeste edizio burutu ez badira ere, dagoeneko kultur programazioan finkatu diren zenbait ekitaldi ere badaude, hala nola Getxoarte (Arte Sortu Berrien Aretoa), Komiki Azoka eta Erdi Aroko Azoka. Ekitaldi handien eskaintza osatzeko bestelakoak ere antolatu dira: Euskara Jardunaldiak; 25 urte luzez euskal antzerki ekoizpenaren erakusgarri izan diren Antzerki Jardunaldiak; Gaurik laburrena izeneko film laburren generoari buruzko ekitaldia; eta Gabonetan haurren topaleku bilakatzen den Getxolandia. Horiez gain, San Lorentzo Azoka eta Erregeen Desfilea ere antolatzen ditu Getxoko Kultur Etxeak, biak ala biak urteko programazioan ekitaldi finkoak direnak.

Programazio iraunkorra

Getxoko ikus-entzuleek kultur eskaintza interesgarria izango dute eskura urte osoan zehar, aisialdia kultur ekitaldiz osatu eta betetzeko. Horrela, egutegian programazio iraunkor eta egonkorra egoten da, eta tartean ugariak izaten dira antzerki emanaldiak, kontzertuak, zinema zikloak (Zine-Kluba, Zinema Paradiso, Haur Zinema), erakusketak, hitzaldiak eta dantzak. Egitarau hori bizirik mantentzeaz gain, Getxoko Kultur Etxeak ekitaldi zehatzak ere sustatzen ditu, hala nola, Santa Ageda bezperako koruen emanaldiak, eskola inauteriak, Pio Lindegaarden omenezko kontzertua, "Emakumeak musikan" jaialdia, eskola antzerki Jardunaldiak, Getxoko Dantzaren Eguna, Korpus jaia Algortako Portu Zaharrean eta beste batzuk. Horien artean izango dira, Udalaren beste arlo batzuek antolatutako ekitaldiak, erakunde horren laguntza eta babes osoa dutenak.

Amaitzeko, Getxoko Kultur Etxeak eskaintzen dituen beste bi zerbitzu aipatu dituzte: liburutegiak eta euskaltegia, hurrenez hurren. "Udal liburutegiek denboraldiz denboraldi irakurketaren aldeko lan sakona egiten dute eta gainera, berezko jardueren programa ere osatzen dute (Liburu Azoka, ipuin kontalariak, eskola bisitak eta abar)", azaldu dutenez. "Udal Euskaltegiari dagokionez, orain dela makina bat urte euskararen alde egiten duen lan eskerga aipatu behar da. Ildo horretan, ikastaro eskaintza oparoa dauka, euskara ikasten hasi nahi dutenentzat ez ezik, baita ezagutza zabaldu nahi dutenentzat ere", gaineratu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun