Sopelako udal iturriek prentsa ohar bidez zabaldu bezala, Eusko Abertzale Ekintzak (EAE) eskatutako eskubideak "bermatuta" daudela adierazi zuen Gonzalo Garcia Ogasun, Administrazio eta Giza Baliabide zinegotziak, ostiralean egindako ez ohiko osoko bilkuran, ekintzaileek aurkeztutako mozioari tokiko gobernuko buru EAJk emandako ezezkoa justifikatzeko (PSE-EEk eta PPk ere aurka bozkatu zuten eta, EB eta EA abstenitu ziren. Eta Berdeek, aldeko botua eman). "Eudel, Euskal Udalerrien Elkartearen arabera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. aretoaren zein Auzitegi Gorenaren ebazpenek ez dute eraginik hautetsien jarduera, udal talde, finantzazio edota lokalen erabilerarengan", aipatu zuen udal arduradunak. Alabaina, epaiak epai eta konparaketak gorrotagarriak izan daitezkeen arren, besteak beste, Iruñean EAEren udal taldearen aurkako neurriak hartzen hasi dira jada. Uribe Kosta eskualdean ekintzaileek dauzkaten zazpi zinegotzietatik lau sopeloztarrak dira eta gainontzeko hiruak lemoiztarrak. Argazkian, Imanol Garai alkate jelkidea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!