Oraingoan, berriz, zaurian gatza botatzera dator Egunkariaren arduradunei Espainiako Auzitegi Nazionalean egingo dieten epaiketa. Lagun horiek Guardia Zibilaren atzaparretan inkomunikaturik igaro zituzten egunetan jasandako jipoiek eraginda, bost urte hauetan itxi ezin izan dituzten zauriak alegia. Bada, oraingoan ere Euskal Herriak erantzun behar du. Orduan abiatutako erasoaren jarraipenak lagun horietan gorpuztu arren, Egunkarian lau lerro edo hamaika idatzi zituztenak, horren irakurleak eta euskaldun guztiak epaitzen ari baikaituzte; baita Egunkariari begiratu bat eman nahi ez, eta horretarako aukera kendu zietenak ere.
Gure aldetik, euskaraz albisteak zabaltzen jarraitzea izango da gure erantzunik irmoena.
Euskarazko komunikabideak aurrera! Egunkaria libre!
UKBERRI.NET