Bost urte pasatu dira, bost urte basakeria bat beste baten atzetik, gurea ez den gobernu batek kolore guztietako txakurrak (gure auzoko gorridun horiek barne) euskaldunaren ehizan bidali dituena. Bost urte gure erakundeak salbuespen tribunalen bitartez zapuztu dituztenak, bost urte gure lanetatik bota gaituztena, bost urte maila sozial, politiko eta kulturalean isilari gura izan gaituztena, bost urte euskal eremua eta berton gabiltzan bizilagunak era batean “garbitu” izan gura gaituztena, Europako etnozidarik handienak bihurtuz.
Etnozidioa diot, bai, ezen burutzen ari diren atxiloketak, epaiketak, eraso mediatikoak…. beste izenik ez baitaukate. Etnozidioa diot, ezen eurek leporatzen diguten ustezko terrorismo horren arrastorik topa ez dutelarik (eta haiek hori ondo dakite hori aitzakia merkea baino ez dela), euskaldun herria ahuldu eta desagertaraztea baino bilatzen ez baitute. Etnozidioa diot, oraindik arren basakeria horiek inpunitate osoz burutzen ari baitira, euren burua demokrata eta bakezale duten askoren isiltasuna tartean.
Euskaldunok armak omen ditugu, euskaldunok terrorismoa praktikatzen omen dugu, euskaldunok omen gara euren estatu beti zapaltzaile horren zoritxar guztien errudunak. Eta egia esan armak baditugu, baina haiek sekula harrapatuko ez dituztenak, gure hizkuntza eta kultura hain zuzen ere. Historiak erakutsi digu ez dugula hori baino arma ziurragorik, eta egoera honetan eta bortitzago datorkeen horretan ere, arma horiei eustea beste erremediorik ez zaigu geratzen, etorkizunean Europan eta munduan ahots propioa duen beste herri bat izan gura badugu. Gure ehiztari eta txakur horiek bortxakeriak min ematen diela aitortzen digute, baina bada haientzat bortxakeria hori baino mingarriagorik, eta haiek ondo dakite: eguneroko bizitzan gure herrian euskaraz aritzea, eguneroko bizitzan gure kultura eta bizimodua lehenestea, eguneroko bizitzan Euskal Herria euskaraz egituratzea…...
Gaur egun gure helburu nagusia bizirautea da, eta gure borroka zilegia da oso. Goiz ala berandu munduak izango du gure berri, euskaldunok ere beste herriekiko elkartasunean beste herri bat bezala agertuko garelako. Gaur Kosovo, bihar Euskal Herria.