Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazitakoaren arabera, El Mundo eta Diario de Cordoba egunkariek asteburuan zabaldu zuten Kordobako espetxe funtzionarioek “bonba lapa egiteko krokis bana" aurkitu zizkietela Jabier Gallaga (Algorta) eta Tomas Insausti (Iruñea) euskal preso politikoei. "Asteburuan bertan etxekoen bisita izan du Javier Gallagak. Berak komentatu dienez egunkariek esandako guztia gezur hutsa da. Ziegak hustu eta dena goitik behera jarri dietela esan zien, eta Tomas Insaustiri telebista osorik desmontatu ziotela ere. Oraingoz ez daukagu berri gehiagorik, baina El Mundok berak zigorrik sartu ez dietela esaten duenez, zaila da sinistea debekatutako ezer aurkitu diotenik miaketetan, are gutxiago bonbak egiteko gidaren bat", adierazi du errepresioaren aurkako erakundeak. Bestalde, Marije Fullaondo espetxez aldatu dutela jakinarazi du AAMk.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!