Txuri-Urdin izotz pista Donostiako instalaziorik esanguratsuenetakoa da, mankomunitateko iturrien arabera. Anoetako kirol gunean kokatuta dago eta inguru honetako kirol eremu aberatsenetakoa osatzen du. 1999an guztiz berritu ondoren, izotza ekoizteko eta energia berrerabiltzeko azken aurrerakuntza teknologikoak ditu. Bertan, umeek bi orduz izotzetan irristatzeko aukera izango dute. Arratsaldean, berriz, Pasaiako Mater itsas gelara egingo dute bisita. Aipatu atun-ontzia Getarian porturatzen zen orain gutxira arte. Gaur egun, ingurumen eskola bihurtu dute. Bertan, tailer anitz dago Kantauri itsasoaren aberastasuna, ekosistema eta "hauskortasunaz" arreta hartzeko. "Umeek gure itsas kulturari buruz gehiago ikasi eta deskubritu dezakete, historian zehar euskaldunek mundu mailan itsasoko trebakuntza zabaldu baitute", azaldu dute antolatzaileek.
Sobron abentura parkea
Arabako hego-mendebaldean kokatuta dago Sobron, 669 metro itsasoaren gainetik dagoen Artzena mendizerraren oinean, bainuetxetik 3 kilometrora.Urduñako mendizerra paisaia aldetik oso aberatsa da. 68 kilometro koadroko azalera betetzen duen ingurune horrek aisialdirako eta naturarekiko hurbilketa aukera ugariak eskaintzen ditu. Sobron abentura parkea bertan kokatzen da. Parke honetan zailtasun ezberdinetako probak daude 6 zirkuituetan banaturik eta adin guztietara moldatuak. Bestelako ekintza batzuk ere egin daitezke: arku tiroa, bertako uraren museotik bisita gidatua eta ibilbideak inguruko natur eremutik.
Legazpiko Burdin Harana
Aizkorriko magaletan, burdinak naturarekin bat egin duen Legazpiko txoko horretan, zentzumenentzako sekulako ikuskizuna eskaintzen du XV. mendeko Mirandaola burdinolak. Horixe martxan ikusteak, hau da, makinak eta olagizonak zuzenean lanean ikusteak, orain dela 500 urteetako burdinola batean murgiltzen gaitu. Ikustaldiak gutxi gora behera 10 minutu irauten du eta hauspoen aretoan hasten da. Bertatik metro gutxira, Euskal Burdinaren Museoa dago, burdinak ezkutatzen dituen hamaika sekretu ezagutzeko derrigorrezko geldiunea. Museoa, burdinolen Ibilbidean kokatzen da eta, bertan, industrializazio aurreko garaian gizakien, ingurunearen eta burdina-lanketaren artean zegoen harreman estua adierazten da, betiere abiapuntu gisa Euskal Herria hartuta.
Bestalde, baserri giroan murgiltzeko aukera ere badago artzaintzari buruzko ikus-entzunezko emanaldi baten bidez. Gainera, erakusketa iraunkorrak alderdi hauek erakusten ditu: ingurune fisikoan zehar ibilaldi bat, ganaduaren larre-aldaketa, bordako artzaintza, artzaintzarako kortak eta txabolak, latxa arrazako ardiak, ardiaren bizi-zikloa, artzainaren lanbidea eta Idiazabalgo gazta artisau eran, tradizionalki eta gaur egun nola egiten den... Azkenik, Ogiaren Txokoa Legazpiko Brinkola auzoko Igaralde-Goena baserrian dago eta Urolako errota eta ogi tradizioaren ezaugarriak erakusten ditu. Errotaria eta ogiaren kontsumoa omendu nahi ditu, gure historian etengabeko elementuak izan direlako. Horrela, hazia landatzetik hasita, irina nola egiten den azaldu, eta ogia labetik atera arteko prozesua erakusten du. Nekazaritza tresnak, hazia mugitzen duen errota, ogia erretzen duen labea eta beste elementu asko ikusteko aukera dago bertan.
Jana norberaren kontura
Mankomunitateko arduradunek zehaztu dutenez, ume bakoitzak bere bazkaria eta askaria eraman beharko ditu txangoetara. Arropa egokia ere beharko dute, hau da, eguraldiaren araberakoa, egingo den ekintzaren araberakoa. Bestalde, jakinarazi dutenez, izena eman ahala joango dira betetzen irteeretarako tokiak, amaitu arte. Txango bakoitzeko 200 leku egongo dira.