Txakolingileek erakusleiho birtuala zabaldu dute produktua Interneten bidez merkaturatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 21a, 10:02
Txakolinak garai berrietara moldatzeko "behin betiko urratsa" eman du, eta hemendik aurrera, merkataritza elektronikoan jarduteko plataforma bat ere izango du. Produktu horretako hiru jatorrizko deituretako ardogileek Interneten indarrak bildu eta www.txakoli.com webgunea sortzea erabaki dute. Ekimena Eusko Jaurlaritzak bultzatu du, elikadura sektoreko euskal enpresak merkataritza elektronikoan posizionatzeko estrategiaren barruan. Webgunea atzo goizean aurkeztu zuten garai batean gaztetxea izandako Leioako Mendibile Jauregian. Bertan daude kokatuta Txakolinaren Museoa eta Bizkaiko Jatorrizko Deituraren egoitza. Ekitaldian egon ziren Gonzalo Saenz de Samaniego Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak, Garikoitz Rios upategietako ordezkaria eta Borja Perez txakolinaren plataforma elektronikoa abiarazi duen Merkatu konpainiako gerentea. Argazkian, 2006ko apirilaren 30ean, Leioako Mendibile gaztetxea zena oroitzeko eta "batzuen patrikak betetzeko balio duen" Txakolinaren Museoa eta jatetxea bihurtu izana salatzeko ekitaldia Gaztetxe Martxa zela eta.
Atzora arte, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako baserrietan ekoitzitako ardoa zenbait upategiren banakako ekimenaren bitartez baino ez zen saltzen. Plataforma berriari esker, erosleek etxetik edo bulegotik eskuratu ahal izango dituzte orain arte onartuta dauden hiru jatorrizko deituretako ardoak: Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Getariako Txakolina. Momentuz, 28 dira ekimenarekin bat egin duten upategiak, eta horien artean, hiru deituretako guztizko produkzioaren %80 ekoizten dute. Webgune berria operadore logistiko batekin lotuta dago, eta horren bitartez, 48 orduko gehienezko epean bidalketak Estatu espainiarreko edozein lekutara iritsiko direla bermatzen dute. Era berean, bezeroari telefono edo posta elektronikoaren bitartez arreta egiteko zerbitzua ere abiarazi dute, nazioarteko bezeroen eskariak ere tramitatu ahal izateko formularioak erabiliz. Epe laburrean, www.txakoli.com webgunearen xedea urte amaierarako 1.000 bezero baino gehiago lortzea da, arduradunek zehaztu dutenez. Irailetik aurrera, webgunea Interneten posizionatzeko kanpaina hasiko da, gastronomian eta enologian espezializatutako beste atari eta plataforma batzuetan txertatuko diren loturen bidez.

Posizionamendu estrategikoa

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txakolingileen ekimenak posizionamendu estrategiko bat ekarriko du etorkizunera begira produktuaren komertzializazio globalari dagokionez eta upategi bakoitzaren marketina eta marka desberdinen ezagutzari dagokienez. Merkataritza elektronikoari esker, Euskal Herriko berezko edari tipiko hori, orain arte bertako merkatuan saldu izan dena nagusiki, askoz ere merkataritza-esparru zabalagoan banatu ahal izango da. Webgunearen garapenaz, merkataritza elektronikoko proiektuen aholkularitzan eta sustapenean espezializatuta dagoen Gasteizko Merkatu enpresa arduratu da. "Urte eta erdiko lanaren emaitza nabigazio azkar eta erraza egiteko moduko webgunearen sorrera izan da, erregistratutako erabiltzaileei eskaerak eta fakturak kudeatu eta ordainketa-mota guztiak erabiltzeko aukera emango diena: on-line ordainketa txartelaren bidez, tranferentzia edo banku-helbideratzea eta jaso ondorengo ordainketa", azaldu zutenez.

Webguneko atal batean, ekimenarekin bat egin duten 26 upategien nondik norakoak deskribatzen dira, kokapen geografikoa eta harremanetarako datuak barne. Era berean, "Txakoli.com" buletinak albisteak, eskaintza bereziak, sustapen esklusiboak eta produktuarekin zerikusia duten beste komunikazio batzuk posta elektronikoaren bidez jasotzeko aukera emango die web-orrialdearen erabiltzaileei. Gainera, ataria ezagutarazteko lehen fase honetan, maiatzaren 20ra bitartean zehazkiago, erregistratutako erabiltzaileek hiru txakolin-kaxaren zozketan parte hartuko dute, eta lehen erosketa egiten dutenen artean 40 hazbeteko LCD telebista zozketatuko da.

"Horregatik guztiagatik, www.txakoli.com, baserrietan landutako ardoaren salmentari eskainitako lehen webgunea ez ezik, garrantzi handiko baliabide komertziala ere izango da etorkizunera begira", diote arduradunek. Normalean, txakolin-produkzio ia osoa ekoizleek berek merkaturatzen duten arren, gogoan izan behar da ardo mota hau zabalkunde prozesuan sartuta dagoela, eta asko direla dagoeneko ohiko prozedura familiarra eta ia artisautzazkoaren ordez merkatu enologiko gero eta konplexuagoan lehiatzeko moduko produkzio sistema profesionalizatuak abiarazi dituzten upategiak.

Txakolina

Txakolina deritzo Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kokatutako hiru Jatorrizko Deituretako upategietan lantzen den ardoari. Babestutako izendapena da, eta ondorioz, upategi hauek erabil dezakete soilik ardoa etiketatzerakoan. Ardo gazte eta fruta-gustukoa da, garraztasun puntu bat daukana eta amaieran halakoxe ukitu mingotsa. Txakolin motei dagokienez, zuria da nagusi, baina txakolin beltza (Bizkaian eta Getarian) eta txakolin gorria ere (Bizkaian baino ez) lantzen dira. Hiru Kontseilu Erregulatzaile daude: Arabako Txakolina (Aiarako eskualdean), Bizkaiko Txakolina (lurralde historiko osoa bere gain hartzen duena) eta Getariako Txakolina (Gipuzkoa osorako). Araban hiru upategi daude, 58 Bizkaian eta 18 Gipuzkoan.

Mahastiei eskainitako lursailak 325 hektareakoak dira Getarian, 240 hektareakoak Bizkaian eta 45 hektareakoak Araban. Hala ere, hiru foru aldundiek landaketa berriak egiteko eman dituzten baimenen haritik, kopuru hauek nabarmen handituko dira datozen hiru urteetan. 2007ko uztaren ondoren, 300.000 litro txakolin landu dira Araban, 905.000 Bizkaian eta 1.350.000 litro Gipuzkoan, hau da, 3.400.000 botila inguru. Hiru izendapenetarako aurreikusi den hedapenak kopuru hauek bikoiztea ekar dezake hiru urteren buruan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun