"Egunkaria libre!" leloa berea eginez, ehun bat lagun batu dira iluntzeko 7:30ean, Algortako Telletxe plazan, Bizarra Lepoan euskara elkarteak deituta. Horrela, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, gaur bost urte Guardia Zibilak gauzatutako “Euskaldunon Egunkaria”-ren itxiera salatu eta laster epaituko dituzten euskara hutsezko kazeta horretako arduradunei elkartasuna adierazi diete herritarrek. Tartean, Xabier Oleaga Erandioko semea dago auziperatuta. Elkarretaratzean ez dira gutxi izan ikusitako aurpegi ezagunak: German Kortabarria ELAko idazkariorde ohia, Mariespe Fuertes Getxoko Eusko Abertzale Ekintzako hautetsia, Lander Solozabal Bizarra Lepoaneko presidentea, Asier Mentxaka UK aldizkariko kidea, Rozio Luces Egizu Getxo Euskaldun! elkarteko dinamizatzailea, Mitxel Sarasketa Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea, eta abar luze bat. Guzti horiek, euskalgintza, kulturgintza, gazte mugimendua, eta tokiko hedabideetako kideak eta, itxi zutenean, Egunkariaren aldeko tokiko batzordeak osatu zituzten hainbat pertsona izan dituzte lagun. Bitartean,
ostiralean "Euskaldunon Egunkaria"ren alde abesten jardungo dute Erandioko makina bat euskaltzalek.