Santiago Abascal Alderdi Popularreko ordezkariak eskatua, otsailaren 11an egin zen Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura Batzordearen bilkuran egin zituen "EHUn oraindik ere gertatzen ari diren istilu larriei buruzko" adierazpenak (pdf) Juan Ignacio Perez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak. "Istiluetan parte hartzeak ondorioak izango ditu", unibertsitateko arduradunaren arabera; batik bat horiei diziplinazko espedientea zabaltzea edota, agian, EHUtik kanporatzea. Halaber, "horiek ez gertatzeko beharrezko neurriak" hartuko dituztela berretsi zuen Perez Iglesiasek.
Ikasle Abertzaleen oharra:
Badira ikasturte batzuk ikasleok Bologna Prozesuaren eta honen inposaketaren aurka borrokatzeari ekin genionetik. Greba orokor arrakastatsuak, mobilizazio jendetsuak eta makina bat ekimen egin dira jadanik prozesu neoliberal hau gelditzea eta Euskal Herriak behar duen unibertsitate ereduaren inguruko eztabaida zabal eta parte hartzaile bat irekitzea exijitzeko.
Hala ere, oraindik orain, Euskal Herriko unibertsitateek entzungor jarraitzen dute ikasleon zilegizko aldarrikapenen aurrean, eta Europako Goi Hezkuntza Esparrua egikaritzea helburu duen unibertsitate eredu berri hau inposatzen digute. Hasiera batean, Bolognako eredua ezkutuan aplikatu nahi izan zuten. Ondoren, ikasleria prozesu honen helburu pribatizatzaile, elitizatzaile eta homogeneizatzaileen inguruan informatzen eta mobilizatzen hasi zenean, unibertsitateko agintariek Bologna Prozesuaren inguruko informazio apologetikoa hedatzeari ekin zioten. Ez zien fruitu handirik eman, izan ere ikasleok ez genuen Bologna Prozesuak onurak baino ekarriko zituela zioen diskurtsoa sinetsi. Ikasleria konbentzitzeko gai ez direla ikusita, hasi dira dagoeneko ikasle borroka kriminalizatu eta erreprimitu nahian. Honetarako gainera, beharrezkoak diren indar polizialak eta mehatxuak erabiltzeko ez dute arazorik izan.
Alabaina, ikasleriak ez du etsiko eta ez gara inon ezkutatuko. Horregatik Bologna Prozesuaren aurkako ikasle adierazpena aurkeztu da, Euskal Herriak behar duen unibertsitate eredua eztabaida zabal eta parte hartzaile baten bidez erabakitzea exijituz. Baina dinamika honen helburua ez da, inolaz ere, adierazpen hau hemen gelditzea; gaurdanik, atxikimenduak biltzeko prozesua zabalduko da www.ikasleabertzaleak.org helbidean eta fakultatez fakultate eta klasez klase.
Ikasle Abertzaleak