Trafikoa moztuko dute asteburuan Avanzadan oinezkoen pasabide bat jartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ots. 21a, 20:38

Leioako Udalak gaur jakinarazi du asteburu honetan trafiko mozketak izango direla Avanzadako errepidean, Bidekurtzioko parkea eta udal euskaltegia eta musika eskola lotuko dituen oinezkoen pasabidea jartzeko. Hori dela eta, larunbatean, 15:00etatik aurrera, Bilbotik etorrita Avanzadatik igarotzen diren ibilgailuek ezin izango dute, Bide-Ona gasolindegitik Mendibileko biribilgune berrian dagoen lurrazpiko itzulbidera heldu nahi izanez gero, itxita egongo delako. Bestetik, larunbateko 21:00etatik igandeko 9:00ak arte ezin izango da alboko bideetatik eta erditik zirkulatu (tunelak barne) Leioa udalerriko bidegune osoan, edozein noranzkotan (Artatzako biribilgunetik Bide-Ona gasolindegietaraino).

Hala ere, tokiko arduradunek ohartarazi dute Iparragirre Etorbideko etxebizitzetan bizi eta bide horretatik igaro behar dutenek udaltzainen baimena izango dutela bertatik igarotzeko, behin bertan bizi direla frogatu ostean. Trafiko aldaketek sor ditzaketen eragozpenengatik barkamena eskatu du aldez aurretik Leioako Udalak eta, bide alternatibo modura, itsasadarrekoa eta unibertsitatekoa aholkatu ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun